Merton, Robert King
Estatubatuar soziologoa (Filadelfia, 1910). Garrantzi handiko ekarpenak egin zituen funtzionalismoaren teoria sozialean. Soziologia ikasketak egin zituen Harvardeko Unibertsitatean. Mertonek azterketa funtzionala proposatzen zuen gizartearen azterketaren oinarri gisa, baina ikuspegi erlatibo batetik; Bonislaw Malinowskiren funtzionalismo absolutuaren kontrara, Mertonek ez zuen uste kultura edo gizarte elementu orok funtzio bat betetzen zuenik, eta, beraz, ezinbestekoa zenik. Funtzio kontzeptuari kontrajarriz, disfuntzio kontzeptua sartu zuen, "gizarte sistema jakin batean egokitzea eragozten duena", eta gizartearen anomiari buruzko azterketa interesgarriak egin zituen. Mertonen ustez, funtzioak "nabarmenak" edo "latenteak" izan daitezke: nabarmenak, sistemako parte-hartzaileek ulertzen eta desiratzen dituzten horiek dira, eta latenteak, berriz, ez ulertzen ez desiratzen dituztenak. Lan asko argitaratu zituen gai horien inguruan.