Merz, Mario
Italiar margolaria (Milan, 1950). Art povera deitutako higikundearen pintore aipagarrienetako bat. Hasieran espresionismoa landu zuen gehienbat, kolore bizien bidez. Handik gutxira, baina, zabor artean jasotako gauzak osatzen hasi zen: botilak, edontziak, euritakoak edo telebistak, materiaren koloreak eraldatzen zituen argi fluoreszentez argituak: Nella strada (1967). 1968an povera higikundeko kide egin zen eta bere lehen Igloo-a aurkeztu zuen, Giap argizko hitza neoizko hodi argitsuen bidez idatzita. Gero, Fibonacci-ren segidaren arabera zenbatutako obra batzuk aurkeztu zituen. Matematika segida horretan, zenbaki bakoitza aurreko bi zenbakien batura da. Adibide gisa, eskailera batean jarritako zenbakiak, neoizkoak (1971, Scala): 1, 2, 3, 5, 8, 13 eta 21. 1979. urtetik aurrera pintura hartu zuen ostera bere arte adierazpide nagusi gisa.