Mercosur. (Mercado del Cono Sur;
Eusk., Hegoaldeko Konoko Merkatua). Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaik osatzen duten merkatu bateratua. Lau herrialde horiek 1991. urtean Asunciongo Ituna sinatu zutenean eman zitzaion hasiera bateratze prozesuari. Itun horrek elkartea sortzen zuten herrialdeen artean 1995eko urtarrilaren 1erako merkatu bateratua eratzeko proposamena jasotzen zuen. Hala, 1994. urteko abenduan herrialde horiek Ouro Preto-ko protokoloa sinatu zuten, eta Hego Amerikako Merkatu Bateratua, Mercosur izenez ezagutzen dena, sortu. Asunciongo Itunak 1995. urtea iritsi arteko aldian herrialdeen artean muga-zergak mailaz maila ezabatzeko akordioa ezartzen zuen; halaber, herrialdeek atzerrira begira dituzten muga-zergak berdintzeko erabakia ere hartu zen. 1995. urtean merkatu bateratua osatzen duten lau herrialdeen arteko ondasunen % 80 inolako zergarik gabe salerosteari ekin zitzaion. Salbuespen ziren epe jakin baterako (lau urte) ehun-gaiak, altzairua, autoak eta gai petrokimikoak. Egun, oraindik ere benetako merkatu bateratu bat izatetik urruti dagoen arren, herrialde kideek negoziazioetan diardute 2006. urterako erabateko merkatu bateratu bat lortu ahal izateko.