Meredith, George
Britainiar idazlea (Portsmouth, 1828 - Box Hill, 1909). Hasieran idatzi zituen lanek ez zuten arrakastarik izan eta kazetaritzan aritu zen lanean. 1866an, gerrako berri emaile lanetan bidali zuten Italiara. Italiatik itzuli zenean Box Hill-en zeukan etxera joan zen, eta han bizi izan zen hil zen arte. Olerkiak eta ukitu psikologiko nabaria zuten eleberriak idatzi zituen. Gaztetan Alemanian izan zuen heziketak eragin handia izan zuen Meredith-engan. Bere obraren ezaugarri nabarmenena mende bukaerako gizarte erakundeen eta gizabanakoen azterketa zorrotza eta ironikoa da. Idatzi zituen lanen artean hauek ditu aipagarrienak: The Ordeal of Richard Feverel (1859, Richard Feverel-en froga), arrakasta izan zuen lehen eleberria; Modern Love (1862, Maitasun modernoa), 50 poemen bilduma, ezkontzaren desegiteari buruzkoa; Vittoria (1867), The Adventures of Harry Richmond (1871, Harry Richmond-en abenturak), Beauchamp’s Career (1876), The Egoist (1877, Berekoia), Diana of the Crossways (1885, Diana Crossways-koa), On the Idea of Comedy (1877), kalitate handiko lana.