Mendizabal, Asier
Gipuzkoar eskultorea (Ordizia, 1973). 1996an arte ederretan lizentzia eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Londreseko Byam Shaw School of Art eskolan egin zituen graduondoko ikasketak 1997an, Erasmus beka bati esker. Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka ere eskuratu zuen 1998an, eta 1999an Gipuzkoako Artista Gazteen lehiaketan lehenengo saria lortu zuen. 1998tik 2000ra Amsterdamen osatu zuen bere prestakuntza. Hango De Ateliers-en eta Donostiako Egiako Kultur Etxean egin zituen, hain zuzen, lehenengo bakarkako erakusketak (2000). Egian egindako No time for love bideo-instalazioari esker hautatu zuten 2000. urtean Gure Artea erakusketarako.