Mathieu, Georges
Frantses margolaria (Boulogne-sur-Mer, 1921). Lehenengo olio margoa 1942an egin zuen, eta 1944an hasi zen margolan abstraktuak egiten. 1947an L'Imaginaire, abstrakzio geometrikoaren kontra zeuden artista abstraktuen obrak biltzen zituen erakusketa, antolatu zuen; Mathieu abstrakzio lirikoaren aitzindaria izan da, eta estasi egoeran bat-batean margoturiko zeinu kosmikoen adierazpentzat definitu zuen abstrakzio hori. 1951. urte inguruan gestalt teoriarekin zaletzen hasi zen eta zeinuaren pintura gauzatu zuen, esanahiaren aurretik zeinua jarriaz. Horrela, Arte Informalaren aitatzat hartua izan da. Lehen Mundu Gerra amaierako lanetan ikus daitekeenez, estilo kaligrafikoa erabili zuen, lerro zipriztinduekin, keinu inpultsiboei jarraituz eginiko marrazkiekin (Painting, 1953). Bestalde, ikuskizun eta performanceekiko zaletasun handia zuen, eta horrela, 1952. urtean jendaurreko margolaritza saioa egin zuen Studio Paul Facchettin. 1953an United States Lines Paris Review aldizkaria eman zuen argitara, eta haren zuzendari izan zen hamar urtez. 1960ko hamarraldiaren hasieran eskultura monumentalak paratu zituen, eta artistak gizarte bizitzako eguneroko afera guztietan esku hartzeko duen beharraz jabetzen hasi zen; 1971n artistak gizartean duen zereginaren inguruko hitzaldi ospetsu bat eman zuen Nazio Batuen Zirkuluan, Bruselan.