Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

materialismo

iz. Materia beste gairik ez dagoela baieztatzen duen doktrina metafisikoa.  v  Materialismoa espiritualismoaren aurkako dotrina da. Ez du, hala ere, errealismoarekin ez idealismoarekin zer ikusirik, horiek adimenaren sorrera baitute aztergai; materialismoak eta espiritualismoak, berriz, izatea bera. Materiazko izaterik ez duen guztia ere materiaren bidez esplikatzen du (bizia, adimena etab). Jainkoak, arima eta beste munduko bizitza ukatu egiten ditu. Ezagutzen den materialistarik zaharrena Leuzipo da, baina haren idatzirik ez da geratu. Dirudienez haren iritziei jarraituz oinarritu zuen Demokritok bere teoria, K.a. V. mendean. Teoria horren arabera atomoz eta hutsunez eratuta dago dena. Epikurok eta estoikoek, berriz, gorputz egiturako elementuez esplikatzen zituzten izateak eta horien agerpenak. D’Holbach-ek eta La Mettrie-k ere, XVIII. mendean, bizitza materiaren agerpen bat besterik ez dela zioten. Animaliak eta gizona bera ere makinaren mailan jartzen zituzten. Materialismo dotrina orokorraren aldaeretan garrantzirik eta zabalkunderik handiena izan dutenak, materialismo zientifikoa eta horretan oinarrituz Marxek eta Engelsek azaldu zuten materialismo dialektikoa eta materialismo historikoa izan dira. Hegelen dialektika eta Feuerbach-en materialismoa gizarteari egokitu zizkioten.  v  Materialismo dialektikoa. Marxek eta Engelsek mundua eta gizartea aztertzeko erabili zuten metodoa. Leninek Marxen eta Engelsen metodoari jarri zion izena da.  v  Materialismo historikoa. Gizarteko aldaketa guzien eragilea klase borroka dela dioena. Klase borrokaren oinarrian berriz garai horretako produkzio modua dagoela, dio teoria horrek.