Martorell, Josep
Espainiar arkitektoa (Bartzelona, 1925). Bartzelonako Arkitekturako Goi Mailako Eskolan egin zituen ikasketak, eta 1951n atera zuen titulua. Urte hartan bertan hasi zen Oriol Bohigasekin lanean, eta harekin batera sortu zuen Grupo R taldea. 1954an bi arkitekto hauek eta David Mackayk MBM arkitektura estudioa sortu zuten. Bi talde horien baitan egin zituen Martorellek bere lan nagusiak. Grupo R taldearen helburua zen Higikunde modernoa berpiztea, baina Gerra Zibileko abangoardiak biziberritzea nahikoa ez zela oharturik, MBM estudioa sortu zuten eta saiatu ziren Kataluniako gizarte eta politika egoeari erantzun errealistagoa eta konprometituagoa ematen, baina ikuspegi zabala eta kanpoko eraginak eta teknikak aintzat harturik. 1968an Kataluniako Arkitektoen Kolegio Ofizialeko Kultura Batzordeko lehendakari egin zuten, 1979an Bartzelonako Probintziako Hirigintza Batzordean sartu zen eta Bartzelonako Arkitektura Ondarearen Batzordeko kide ere izan da, besteak beste. 1978an Fundación Güell saria irabazi zuen, Guía de arquitectura de Menorca ikerketa liburuari esker. MBM taldearekin egindako lanekin tradizioa eta eraikuntza sistema modernoak bateratu zituen, eraikinaren kanpo itxuraren eta egituraren artean kontrastea sortuz, Viladecanseko Crescent-en (1973) eta Ronda Guinardoko Casa del Pati etxean (1964) ikus daitekeenez. MBM taldearen beste lan aipagarri batzuk dira Mutua Metalúrgicaren eraikina, Pallars kaleko etxebizitzak, Calvet kaleko etxea, Garbí etxea, Entenza etxea etab.