Martín-Santos, Luis
Gipuzkoar idazlea, gaztelaniaz idazten zuena (Larache, Maroko, 1924 - Gasteiz, 1964). Bost urte zituela etorri zen Donostiara bizitzera. Medikuntza ikasketak egin zituen Salamancan eta Madrilen. 1951n Donostiako psikiatrikoko zuzendari izendatu zuten. Frankismoaren kontra jardun zuen, Alderdi Sozialistaren inguruan, eta kartzelan egon zen, horregatik, behin baino gehiagotan. Medikuntzari buruzko saiakerak idatzi zituen: Dilthey, Jaspers y la comprensión del enfermo mental (1955) eta Libertad, temporalidad y transferencia en el psicoanálisis existencial (1964). Bere fama literaturatik etorri zitzaion, 1962an Tiempo de silencio (Isiltasun garaia) eleberria argitaratu zuenean. Bertan, ikuspegi ironiko batetik agertzen du hiri handi bateko giroa, oso teknika landu baten bidez. Eleberri hau da, gaztelaniazko literatura modernoan, nagusienetako bat. Hori izan zen bere obra bukatu bakarra, baina istripuz hil ondoren, zenbait testu eta eleberri bukatu gabe baten zatiak argitaratu zizkioten: Tiempo de destrucción (1975) eta Apólogos y otras prosas inéditas (1970). Hil ondoren, bere izena eman zioten Martín-Santos zuzendari izan zen erietxeari.