Martens, Wilfried
Belgikar politikaria (Sleidinge, Flandes, 1936). Ikasle erakunde katolikoetako militante izan zen zuzenbideko ikasle zen garaian, baina ondoren politikan nabarmentzen hasi zen, 1965. urtean Flandesko Herri Alderdi Kristauan sartu zelarik. Kontseilari kargua bete zuen Harmel eta Vanden Boeynants Lehen Ministroen agintaldietan (1965-1966), eta geroago Léo Tindemansekin (1968) ministro izan zen. 1972an bere alderdiaren lehendakaritzarako hautagai aurkeztu zen eta hala izendatu zuten. Ganteko diputatu hautatu zuten handik bi urtera, eta Lehen Ministro izatera iritsi zen 1979. urtean. Lehen Ministro gisa agintean egondako urteetan (1979-1992) Belgika federal bat sustatu zuen, eta ildo horretatik konstituzioa eraberritzeko proposamenak egin zituen 1981 eta 1989an, eskualdeei (hizkuntza komunitateei) eskumen zabalak emanez. 1981ean hilabete batzuetan bere kargua utzi beharrean izan zen garaian izan ezik, 1992. urtea arte izan zen Lehen Ministro. Urte hartan Jean-Luc Dehaenek hartu zuen Martensen kargua, Martenesek dimisioa eman ondoren. Behin baino gehiagotan saiatu zen dimititzen, flandestarren eta frantses hiztunen artean hizkuntzaren ofizialtasuna zela-eta zeuden tirabiren eraginez. Europaren eraikuntzaren alde lan handia egin zuen, eta lan horri esker Europako Alderdi Popularraren lehendakari izendatu zuten 1990ean eta 1996an. 1994an eurodiputatu aukeratu zuten.