Marko Aurelio. (
Lat. Marcus Aurelius Antoninus). Erromako enperadorea (Erroma, 121 - Vindibona, 180). 161etik 180. urte bitartean izan zen enperadore. Antonio Pio enperadorearen iloba zen, hark semetzat hartua. Aitordea hil ondoren enperadore egin zuten, 161. urtean. Bere anaia Lucio Verorekin batera agindu zuen, eta azken urteetan bere seme Comodorekin. Aginpidean egon zen garaian barbaroen kontra askotan egin behar izan zuen borroka, eta harekin hasi zen inperioa gainbehera amiltzen. Filosofian estoizismoaren jarraitzaile izan zen. Gogoetak obra idatzi zuen.