Marco Aragón, Tomás
Espainiar musikagilea (Madril, 1942). Biolin eta konposizio ikasketak egin zituen eta zuzenbidean lizentziatu zen 1963an. Frantzian eta Alemanian osatu zituen musika ikasketak, Boulez, Stockhausen, Ligeti, König eta Adornorekin. 1962az gero musika konposizioan eta kritikan jardun du buru-belarri. Irakasle gisa lan egin du, besteak beste, Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioan, eta ikastaroak eman ditu Europako eta Amerikako zenbait unibertsitate eta zentrotan. 1981-1985 bitartean Espainiako Orkestra eta Koru Nazionalen Erakunde Autonomoaren zuzendari izan zen eta Gaur Egungo Musikaren Zabalkunderako Zentroarena ondoren. Alacanteko Gaur Egungo Musikako Nazioarteko Jaialdia sortu zuen eta haren zuzendari izan zen 11 urtez. 1991-1995 urteetan Orkestra Nazionalaren Zuzendari teknikoa izan zen. Hurrengo urtean Madrilgo Erkidegoko Jaialdiaren zuzendari izendatu zuten. Hainbat sari irabazi ditu bere karreran zehar, besteak beste Musikako Sari Nazionala (1969), Parisko VI. Bi Urteko Ohorezko saria (1969) eta UNESCOren Sari Nazionala. Bere obren artean azpimarratzekoak dira Selene opera; Llanto por Ignacio Sánchez Mejías balleta; sei sinfonia; Escorial, Pulsar eta Campo de estrellas obra sinfonikoak; Autodafé, Espacio sagrado, Concierto del agua kontzertuak; ganbera musikan, harirako lau kuarteto; piano, gitarra eta abarrentzako obrak.