Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Manganelli, Giorgio

Italiar idazlea (Milan, 1922 - 1990). Grupo 63 izenaz ezagutzen den italiar idazleen taldeko kidea izan zen, baina bere idazkera eta gogoetak nahiko independenteak izan ziren beti, eta ez zitzaion erabat atxiki talde haren aitzindarien esperimentalismoari. Eleberriak, aitorpen liburuak, saiakerak eta erreportaje liburuak eman zituen Manganellik argitara, eta bere lanetan idazkera jasoa, xehetasun zalea, birtuosoa sarritan, erabili zuen. Bere prosa narratiboan fikzioa eta aitorpenak edo gogoetak (pentsalari handia baitzen) nahasten dira, eta existentziaren ezinegonaren gaia lantzen du beti, heriotza eta ezerezaren inguruan. Aldi berean literaturaren ikuspegi manieristaren alde egin zuen, osagai surrealisten bidez bere pertsonaien inguruan mundu irudizko bat osatuz. Bere kontakizunen artean aipatzekoak dira, batez ere, Hilarotragedia (1964), Nuovo commento (1969, Iruzkin berria), Agli dei ulteriori (1972, Ondoko jainkoei), Pinocchio: un libro parallelo (1977, Pinotxo; liburu paralelo bat), Centuria (1979, Mendea), Amore (1981, Maitasuna), Discorso dell' ombra e dello stemma (1982, Itzalaren eta ezkutuaren diskurtsoa), Dall' inferno (1985, Infernutik), A y B (1986) eta La notte (Gaua, egilea hil ondoren argitaratua). Saiakera liburuen artean, berriz, La letteratura come menzogna (1967, Literatura gezur gisa) eta Angosce de stile (1981, Ezinegon estilistikoak) dira azpimarratzekoak eta erreportajeetan berriz Cina e altri orienti (1974, Txina eta beste ekialde batzuk) bidaia liburua.