Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Manchester

Britainia Handiko ipar-mendebaleko hiria, Manchester Handia konderriko hiriburua. 541.468 biztanle ditu hiriguneak, eta 2.708.900 hiri osoak. Irwel, Irk eta Medlock ibaien elkargunean dago. Erromatarrek gotor hiri egin eta Mancunium izena jarri zioten. Wessex-eko errege saxoniarrak bizi izan ziren VII. mendean. II. Mundu Gerra arte indar handia izan zuen ehun industriak. Baina makineria berritu behar izan zutenean egin ez zutelako eta ehun sintetikoak zabaltzen hasi zirelako, ia desagertu egin zen ehun industria guztia. Siderurgia eta industria dira gaur egun ekonomia jarduerarik garrantzizkoenak, eta garrantzitsuak dira halaber petrokimika, auto, makina eta konputagailu industria. Aipatzekoak dira Victoria unibertsitatea (1851), Merkataritzako eta Musikako eskolak eta XV. mendeko kolejiata, 1848. urtean katedral bihurtua.