malaria
(Paludismo ere deitua). iz. Med. Gizonen eta animalien eritasun kutsakor endemiko larria, Plasmodium generoko protozoo bizkarroiek (hematozooarioek) eragina eta Anopheles generoko eltxoek hedatzen dutena. Anopheles eltxo emeek malariak jotako eri bat ziztatu ondoren beste norbait ziztatzean eritasuna kutsatzen diote. Eritasunaren ezaugarriak: sukarra; esplenomegalia; bizkarroia hematietan finkatzea eta haiek suntsitzea eta, zenbait kasutan, anemia eta kakexia. Malaria mota desberdinak bereizten dira gizonarengan eritasuna bideratzen duten Plasmodium moten arabera (vivax, malariae, falciparum, ovale); kaltetzen dituen organoen arabera (garuna, urdail-hesteak, etab.), edota sintoma nagusiaren arabera. Gehienbat tropikoko eta tropiko inguruko lurraldeetako eritasuna da, lintzura eremuetakoa, eta desagerrarazteko modua ur geldiak lehortzen uztea eta larbak intsektu-hilkariz hiltzea da. Malariak jotako eriak sendatzeko hematozoarioen ugalketa galarazten duten botikak erabiltzen dira.