Maine
Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua, New England lurraldean; 86.027 km2 eta 1.218.000 biztanle. Mugak: iparraldean, ipar-mendebalean eta ekialdean, Kanada; hego-ekialdean, Ozeano Atlantikoa, eta mendebaldean, New Hampshire estatua. Hiriburua: Augusta. Hiri nagusiak: Portland, Lewiston, Bangor. Orografia: barnealdean mila metro inguruko mendi asko ditu, eta itsasaldean sartu-irten ugari; lurraldearen % 80 basoa da, eta aintzira asko daude; Moosehead Lake da aintzira handiena. Klima: hezea eta hotza. Biztanle gehienak zuriak dira, erlijioz katolikoak eta protestanteak. v Ekonomia. Nekazaritza (patatak, barazkiak, artoa), abere hazkuntza (behiak, ardiak), esne industria, egurgintza, paper-olak eta altzari-olak; arrantza, kontserba industria eta ehungintza dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Europarrek XVI. mendean aurkitu zuten; XVII. mendean frantsesen kokalekua izan zen eta handik gutxira ingelesen kolonia bilakatu zen. 1658an Massachusetts estatuak Maine beretu zuen. XIX. mendean biztanleria asko hazi zen; 1820an Maine Massachusettsetik bereizi zen eta Estatu Batuetako 23. estatu bihurtu zen. Tirabira askoren ondoren, 1842an Kanadarekiko mugak finkatu zituen.