Maiatzeko Plazako amak
Argentinar elkartea, 1976-1983ko gobernu militarraren krimenak gaitzesteko eta desagertutakoen eta beren sendikoen eskubideen alde borrokatzeko sortua. Ama horiek Buenos Airesko Maiatzeko Plazan hasi ziren biltzen 1976ko apirilaren 30ean. Beren seme-alaba desagertuen alde antolatzeko eta agintariei eskaerak egiteko lekutzat hartu zuten plaza. Hasieran eserita egoten ziren, baina setio egoera ezarri zutenean, poliziak handik bota zituen. Ondoren, 1976ko urrian, Lujan-eko erromesaldian talde gisa ezagutarazteko, buruan zapi zuri bat jartzea erabaki zuten. Horiexek dira ama hauen bi ikurrak: osteguneroko hiru eta erdietako ibilaldia Maiatzeko Piramidearen inguruan, eta buruko zapi zuria. Argentinako diktadura garaian, gobernuaren erabakien aurka agertu ziren beti, eta horregatik etengabeko jazarpena pairatu zuten, bahiketa eta desagerpenak barne. 1979an, errepresioa zela-eta, Maiatzeko Plazan manifestazioak egiteari utzi behar izan zioten, baina 1980an berriro hasi ziren. Urte hartako abenduan egin zuten lehen “erresistentziako ibilaldia”, 24 ordutan zehar plazan bueltaka ibiltzean datzana. 1983an demokrazia ezarri bazuten ere, beren ibilaldi eta jarduerekin jarraitu zuten, eta gobernu hartan parte hartu zuten militarrentzat kartzela zigorrak eskatuz. Nazioarteko erakunde ugariren laguntza eta onespena jaso dute, eta gauza bera egin dute berak ere giza eskubideen aldeko hainbat talderekin.
- maia
- Maia
- Maia Soria, Jon
- Maiakovski, Vladimir
- maiatz
- Maiatzeko Plazako amak
- Maidagan
- maiestate
- Maieta
- maieutika
- maila