maia
iz. eta izond. Erdialdeko Amerikako indiar herri bateko kidea; horri dagokiona. v Maia herria. Espainiarrak iritsi aurretik maia herriak Ameriketako zibilizaziorik garrantzitsuena garatua zuen. Une gorenean, maia kulturak lurralde zabala hartu zuen: egungo Mexikoko hegoaldea (Yukatan, Campeche, Quintana Roo, Chiapas eta Tabasco estatuak) eta Belice, Guatemala, Honduras eta El Salvador-eko zatiak (325.000 km2 inguru). v Historia. Maien zibilizazioa garatu zen lurraldea hiru zatitan bereizi ohi da: hegoaldea, hots, Ozeano Bareko kostalde beroa eta Guatemalako eta El Salvador-eko goi lurrak; erdialdeko oihan tropikala, hau da, Mexiko, Guatemala eta Hondurasi dagozkien behe lurrak, eta iparraldea edo Yucatan penintsula lehorra. K.a. 3000. urtearen erditsuan zenbait ehiztari talde kokatu ziren Guatemalako goi lurretan, geroago maia kultura sortu zen mugen barnean. K.a. 2000. urtetik maia zibilizazioaren oinarri izan zen artoa landatzeari ekin zioten. Maien zibilizazioa hiru alditan bereizi ohi da: aro klasiko aurrekoa (K.a. 1500 - K.o. 300), aro klasikoa (K.o. 300 - 900) eta aro klasiko ondokoa (900 - 1519). Lehen nekazari herriak, K.a. 1500 ingurutik aurrera, herriak eraikitzen hasi ziren Ozeano Barearen aldean, gaur egungo Mexikoren eta Guatemalaren artean (Ocos, Cuadros), eta erdialdeko Chiapas-en; hango biztanleek artoa, babarruna eta kuia ereiten zuten. K.a. VIII-III. mendeetan biztanleria handitu zen eta lurrez eraikitako lehen hiriak sortu ziren hegoaldean (Kaminaljuyu, Izapa) eta erdialdean (Uaxactún, Tikal); aldi hartan ez zuten ez harrizko arkitektura, ez idazkera, ezagutzen, baina zeramika monokromoan hainbat estilo erabili zituzten (Las Charcas, Mamom). K.a.III - K.o. IV. bitarteko mendeetan, erdialdean (Peten) bereziki, eta iparraldean (Yucatan) eraikitako hirietan (Tikal, Copán, Palenque, Petén, Cobá) zientzia, teknika, eta arte maiaren ezaugarriak agertu ziren: idazkera hieroglifikoa, zeramika polikromatua, egutegia (K.o. 250 inguru). Arkitekturaren ezaugarriak ere orduan finkatu ziren: plataforma, piramidea eta tenplua garaiak. Aro klasikoan aurreko joerak indartu ziren eta maien zibilizazioak gailurra iritsi zuen. Nekazaritza indartu zen, biztanleria ugaldu eta hiri berriak egin zituzten, aldi berean lehengo aroko hiriak eraikuntza berri ederrez hornitzen zituztela: Tikal, Palenque, Copán, Uaxactún, Piedras Negras, Yaxchilan, Bonampack, Rio Bec, etab. Hala, 5.000 biztanletik 50.000 biztanle arte zuten 40 hiri baino gehiagotan, 2 milioi inguru pertsona bizi ziren. Antza denez, hiri hauek administrazio eta erlijioguneak ziren eta jendea haien inguruan bizi zen. Hiriak edo eskualdeak federazioetan elkarturik bide zeuden. Gehienbat erdialdean kokaturik zeuden hiri horiek, eta 600-900 urte bitartean etengabeko aurrerapena izan zuten harik eta X. mendearen amaieran maien kulturak bat-bateko gainbehera izan zuen arte; biztanleek hiriak utzi zituzten, eta laster estali zituen landaredi tropikalak. Erorketa horren arrazoiak ez dira ezagunak oraindaino eta hipotesi anitz egin dira desagertze hau ulertzeko: landa lurrak agortu izana, izurriteak, klimaren aldaketa, agintarien aurkako matxinadak. Maien kultura, alabaina, iparraldean berpiztu zen X. mendearen amaieran leinu nahasketa baten ondorioz, eta klasiko ondokoa deitu den aroa hasi zen horrela. Izan ere, 978tik 987ra Mexikotik heldu ziren toltekak Chichén Itzá hiriaz jabetu ziren eta han kokatu ziren, era horretara maia-tolteka deritzan aldia hasi zela. Arrotzak maiekin nahastu ziren eta beste arkitektura mota bat, erabat tolteka ez dena, ezta maia klasikoa ere, garatu zuten Yucatan-eko hirietan (Chichén Itzá, Uxmal, Kabah, Izamal, Tulum, etab.). Aldi hartako hiru hiri nagusiek (Chichén Itzá, Uxmal eta Mayapan) elkarte hegemoniko bat eratu zuten (987). XI. mendearen bukaeran elkartea hautsi eta hirien arteko gerra sortu zen, Mayapan-ek gainerakoak menderatu zituen arte. Mayapan buruzagi izan zen aldiaren ondoren (1200-1450), taldeen arteko gerra zabaldu zen. Bestalde, hegoaldeko goi lurretan, Yucatanen bezala, tolteken eragina zuten moldeak nagusitu ziren eta han ere taldeen arteko gerrak hondamendia ekarri zuen. Hala, espainiarrak maien eremuan sartu zirenean (1525) antzinako inperioen aztarnak baizik ez zituzten aurkitu; hala ere Yucatan osoa menderatzerako 19 urte igaro ziren (1527-1536). Peten-eko Tayasal-en babestu ziren itza leinukoak luzaroan jazarri zitzaizkien espainiarrei, harik eta 1697an Martin de Ursuak menderatu zituen arte. v Gizartea eta ekonomia. Maia zibilizazioaren inguruko ezagutza gehienek XIX-XX. mendeetan bereziki egindako ikerketak dituzte iturburu. Konkistatzaileek ez zituzten monumentu klasikoak aintzakotzat hartu, mendeak baitzeramatzaten oihanaren mende, eta han hemen aurkitu zituzten maia tribuez berri gutxi utzi zituzten, maien garrantzia ezin baitzitekeen inola ere garai hartan indar betean zegoen azteka inperioarekin konpara. Bestalde, espainiarren aurreko testu idatzi gutxi gelditzen da (hiru kodize), ebanjelizazioa aurrera eramateko Diego de Landa apezpikuak errearazi baitzituen. Hala eta guztiz, Diego de Landak berak utzitako lekukotasuna (Relación de las cosas de Yucatán) maien gizarteari buruzko informazio iturri garrantzitsua izan da. Maiak ez ziren inoiz aginte batu baten azpian izan, eta beren administrazioa zuten hiri-estatu anitzetan bizi ziren. Gizartea hierarkietan antolatua eta itxia zen; funtzioak hertsiki banatuak zeuden. Hiri bakoitzeko buru politiko, militar eta erlijiosoak halach uinic (egiazko gizona) izena zuen; kargu hori bizi guztirakoa zen eta herentziaz jasotzen zen. Agintari goren honek familia nagusietako buruek eta apaizek osaturiko kontseilua (batab) zuen aldamenean eta haien arteko bat buruzagi militarra zen (nacom). Apaizgoa bereziki ahaltsua zen, ezagutzen monopolioa hark baitzuen: idazkera, kronologia, sendagintza, etab. Apaizek eta beren ahaideek gizartearen goi klasea osatzen zuten. Horien azpian, funtzionarioen sail ugaria hiriaren funtzionamenduaz arduratzen zen. Nekazariak, azkenik, gizartearen oinarria eta jende kopuru handieneko klasea ziren; hiri-estatuko lurretan lan egiten zuten eta zerga astunak ordaindu behar zizkieten goiko klaseei. Hirietako eskulangileak eta merkatari txikiak nekazarien maila berekoak ziren. Merkataritza urria zenez burgesia handirik ez zen sortu. Esklaboak ere baziren, gerran bahituriko etsaiak gehienbat. Ekonomiaren oinarriak guztiz xumeak ziren, eta gauza bitxia da hain kultura zabalaren euskarri izana. Jarduera nagusia nekazaritza zen: artoa, babarruna, batata eta fruituak. Lurra lantzeko teknika eta baliabideak Neolitokoak dira: goldea ez zuten ezagutzen, eta lurra makilaz zulatzen zuten. Beste lanabes batzuk harrizkoak ziren. Bideak, oro har, ongi eginak baziren ere, zama-abererik eta gurdirik ezagutzen ez zutenez, zama bizkarrean garraiatzen zuten. Merkataritzak trukea zuen oinarri eta hirietan zenbait eskulangintza mota lantzen ziren: oihalgintza, saskigintza, lumazko produktuak eta harri lanak. v Idazkera eta zientzia. Kolonen aurreko Ameriketako herrietan maiak izan ziren benetako idazkera erabili zuten bakarrak. Idazkera hieroglifikoa izateaz gainera, ideografikoa eta fonologikoa ere bada aldi berean, eta oraindik ez da guztiz deszifratu. Kopo zuhaitzaren ehunez eginiko paperean idazten zuten, zenbait metro luze ziren orrietan. Liburu edo kodize horietako gutxi gelditzen bada ere, harri, gisu eta zuraren gainean zizelkaturiko testu ugari aurkitu dira. Kolonizazioaren ondoko denboran idazkera latinoz egindako liburuak ere informazio iturri garrantzitsuak dira; hona nagusiak: Popol Vuh (mitoen eta oroitzapen historikoak kitxe hizkuntzaz); Chilam Balam liburuak (kronikak, sendagintza, astrologia, etab.); Memorial Cakchiquel (historia, erlijioa, elezaharrak, etab.). Zientzien alorrean maiek aurrerapen handiak lortu zituzten. Zenbaki sistema hogeitarra erabiltzen zuten eta zehaztasun handiko kalkulu korapilotsuak egiteko gai ziren. Hala, astronomian, kalkulu ahalmen horrek egutegi gregoriarra baino doitasun handiagoko egutegia eman zuen; eklipseak aurrez iragar zitzaketen eta Ilargiaren eta Artizarren egutegi zehatzen jabe ziren. Maien data sistemaren 0. urtea K.a. 3113. urteari dagokio. Guztiarekin ere, maien zibilizazioa Neolitokoa zen eta ez zituzten gurpila, goldea edota metalak ezagutzen. v Artea. Guztiz nabarmena da Ameriketako gainerako herrien aldean. Oro har, gorde diren eraikuntza hondakinak errituak ospatzeko egiten zituzten eraikinei dagozkio eta ez da bizitegirik aurkitu. Maien ingurunea, bai denboraz eta bai eremuz ere, hedadura handikoa da, eta askotariko arkitektura estiloak bereizten dira. Nolanahi ere, hiri maien eraikuntza tipikoa ganga faltsuz hornituriko tenplua da. Mailak dituzten piramideen gainean eraikitako tenplu horiez gainera beste obra mota asko ere eraiki zituzten: pilota jokorako tokiak, jauregiak, barruti zutabedunak, dorreak, zubiak, etab. Piramideetan nabarmentzekoak dira: Uaxactún, Chichén Itzá (El Castillo), Tikal, Copán, Uxmal. Jauregi nagusietariko batzuk: Chichén Itzá, Palenque, Uxmal. Tenplu-piramideetako hormak, ataburuak, paramentuak eta, batez ere, oroimenezko zutarriak edo zutarriak erliebe ederrez horniturik daude. Erdialdeko zutarrietan irudiekin batera data garrantzitsuak ezarri ohi zituzten, eraikuntza data, besteren artean: 292. urtekoa zaharrena eta 889koa berriena, arkeologoek aro klasikoa deitu dutena mugatzeko erabiliak hain zuzen. Margolaritzak ederra eta koloretsua zen, maila handikoa hau ere, baina lan gutxi gorde dira (Bonampak, Uaxactún eta Chichén Itzá). Halaber, zeramika estilo desberdin anitz ondu zuten. v Erlijioa. Zibilizazioaren alderdi guztiak ukitzen zituen. Maien panteoia jainko ugariz osatua zen. Jainko nagusia Hunab Ka zen, gauza guztien sortzailea; harengandik zeruko jainkoa sortu zen, Itzamna, idazkeraren eta egutegiaren jainkoa. Kinich Ahau eguzkiaren jainkoa zen, eta Ixchel ilargiaren jainkosa. Horiek jainko handiak ziren, baina beste jainko batzuk herriaren bizitzatik gertuago zeuden, hala nola Chaak, euriaren jainkoa; Yum Kax, artoaren eta nekazaritzaren jainkoa; Kukulkan, haizearena; Ah Puch, heriotzarena; Ek Chuan, gerrarena; Ixtab, suizidena... Animaliak hiltzen zituzten jainkoen ohoretan, baita pertsonak ere, gehienbat etsaiak eta maia-toltekak, baina ez azteken neurrian. Heriotzaren ondoko bizitzan sinisten zuten eta aitortzaren antzeko zerbait bide zuten. Maien sinesteen arabera, uholde unibertsalek lau aldiz suntsitua zuten mundua. v Maiak gaur egun. Oraingo maiak haien arbasoen zibilizazioa garatu zen lurralde bertsuan bizi dira. Txikiak dira, buru biribilekoak, larrua kobre kolorekoa dute eta beltz leuna ilea. Beren artean lotura estua duten hizkuntzak erabiltzen dituzte. Funtsean nekazariak dira; herri baten inguruko komunitate txikietan bizi dira eta tradizioko ale eta barazkiak egiten dituzte (artoa, babarruna eta kuia bereziki) eta etxabereak izan ohi dituzte (oiloak, txerriak eta, askoz gutxiago, behiak). Industria gutxi dago maien lurraldean. Maia gehienak XVI. mendean kristautu zituzten; hala ere antzinako ohitura askok bizirik dirau oraino. Jakintza hori xamanek kontserbatu dute gehienbat; herri bakoitzean izan ohi den pertsonaia honek lehengo erlijioaren eta ezagutzen aztarnak gorde ditu: antzinako egutegiaren zatiak gordetzen ditu, oilarrak sakrifikatzen eta euria erakartzeko errituak egiten ditu, etab. v Maia hizkuntzak. Maia-kitxe ere deituriko hizkuntza familia. Maia hizkuntzak Ameriketako Erdialdean erabiltzen dira, gutxi asko Colonen aurreko maia zibilizazio handiaren kokagunean: Mexikoko hegoaldean (Yucatan, Chiapas), Guatemalan eta Belizen. Historian zehar maia kulturaren barne egon denHondurasen eta El Salvador-eko mendebalean gaur egun ia ez dago maia hizkuntzan mintzatzen den laguunik. Hiru milioi t’erdi inguru hiztun mintzatzen dira hizkuntza hauetan.