Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Madeira

Ozeano Atlantikoko uhartedia, Kanarietako uharteetatik iparraldera eta Azore uharteetatik hego-ekialdera; 794 km2 eta 273.800 biztanle. Hiriburua: Funchal. Portugalen eskuetan dago, autonomia estatutua badu ere. Madeira (740 km2), Porto Santo (42,5 km2) eta beste uharte txiki batzuek, Desertas eta Salvagens izenekoek, besteak beste, osatzen dute. Jatorri bolkanikoa du, eta oso menditsua da (Ruivo tontorra, 1.861 m). Klima gozoa du: tenperatura alde gutxi izaten da neguaren eta udaren artean. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza, abelzaintza, arrantza eta turismoa dira. Barrualdean nekazaritzak ematen duen produktu garrantzizkoena mahatsa da, ardo produkzio bikainarekin; kostaldean azukre-kanabera, platanoak, fruituak, barazkiak eta batatak lortzen dira. Portu garrantzizkoena Funchal da (hiriburua), Madeira uhartean. Horrez gain, aipagarriak dira Ponta do Sol, Sao Vicente eta Camara do Lobos hiriak.  v  Historia. Genovatarrak, uste denez, XIV. mendean heldu ziren Madeirara, baina uhartedia ez zen ezagutu Portugalgo Henrike Printzeak 1418-20 inguruan aurkitu zuen arte; João Gonçalves Zarcok eta Tristão Vaz-ek berehala kolonizatu zituen uharteak. Azukrearen merkataritzak laster hartu zuen garrantzia, baina Pombar markesak esklaboak izateko eskubidea indarrik gabe utzi ondoren, 1775ean, atzerakada handia izan zuten azukrearen eta ardoaren industriek. 1660 ingurutik 1835 arte britainiarrek oso eragina handia izan zuten uharteetan; 1801ean, denbora laburrez izan baldin bazen ere, ingelesen eskuetan egon zen uhartedia, eta berriro 1807tik 1814 arte, Portugalek Frantziari eskainitako laguntza aitzakiatzat hartuz. 1931n hutsean geratu zen matxinada txiki bat eta 1974an, Salazar aginpidetik erori ondoren, autonomia eskaerak indarberritu egin ziren eta Portugalgo Parlamentuak Autonomia Estatutua onartu zion uhartediari (1976ko urria).