Llull, Ramon
Kataluniar idazle mistikoa eta poeta (Palma de Mallorca, 1235 - Tunisia?, 1315). Haren lanak berebiziko garrantzia izan zuen katalana finkatzeko, eta bere obra mistikoak eragin handia izan zuen Europa osoan. Jaume I.aren zerbitzuan ari zen zaldun baten semea zen eta gortean bizi izan zen gaztetan. Trobadoreen poesia eta zalduneria gaiak ikasi zituen gaztetan eta ongi ikasi zituen arabiera eta islam erlijioa garai hartan Mallorcan ugari ziren musulmanekin. Ezkondu eta bi seme-alaba izan zituen. Hogeita hamar urte zituela, alabaina, agerpen mistiko bat izan zuen (Kristo gurutzean) eta gortea utzi zuen. Frantzisko Asiskoaren bakezaletasunak eraginda, Ipar Afrikan eta Asia Txikian barrena ibili zen, musulmanak kristautzeko asmoz. 1272an, Mallorcako Randa mendian beste esperientzia mistiko bat izan ondoren (unibertso guztia jainkozko dohainez hornitua ikusi omen zuen), ezaupide guztiak arau nagusi batzuetara biltzea erabaki zuen, eta, Anselmo Canterburykoa eskolastika maisuaren oinarri batzuk harturik, bere obra garrantzitsuena idatzi zuen: Ars Magna (1305-1308). Bi tratatu nagusi eman zituen Llull-ek obra honetan: Arbor scientiae (Zientziaren arbola) eta Liber de ascensu et descensu intellectus (Adimenaren gorabeherei buruzko liburua). Llull-ek arrazoien mailara eraman zuen kristautasunaren apologia, musulmanen aurreko eztabaidetan batez ere. Logikaz baliatu zen ezagutza ororen jainkozko jatorria erakusteko. Ramon Llullek katalanez eta latinez idatzi zituen bere obrak, eta Jaume II.a erregeak ekialdeko hizkuntzak ikasi eta lantzeko eskola bat sortu zuen Mallorcan, Ramon Llull-en obra islam munduan ezagutarazteko. Elezaharraren arabera harrika hil zuten Ramon Llull Bejaiako hirian, egungo Aljerian. 1376an Gregorio XI.a Aita Santuak haren obra kondenatu zuen, fedearen eta arrazoiaren arteko mugak garbi ez zituela eta, baina XIX. mendean eliza katolikoak dohatsu egin zuen. Ramon Llull-ek beste obra ugari idatzi zuen, Blanquerna (1283, «Llibre d’amic e d’amat», Maitalearen eta maitatuaren liburua, poema luzea idatzi zuen eleberri horretan) eta Felix o Llibre de meravelles (1289, Felix edo gauza miragarrien liburua) alegiazko eleberriak, Llivre de l’Orde de cavallería (Zaldun Ordenaren liburua) erlijio obra, Llibre dels gentils i del tres savis (1272-1275, Jentilen eta hiru jakitunen liburua) filosofia liburua eta Llibre de contemplació (Kontenplazio liburua) tarteko. Poema bilduma luzeak ere idatzi zituen: Lo desconhort (Atsekabea) poema liriko-didaktikoa, Cant de Ramon (Ramon-en kantua) etsipenezko poema luzea, eta Plant de Nostra Dona Santa Maria (Andre Dena Mariaren negarra) erlijio sentimenduzko poema.