Luthiers, Les
Argentinako umore taldea, 1967an sortu zena. Carlos López Puccio, Jorge Maronna, Marcos Mundstock, Carlos Núñez Cortés eta Daniel Rabinovichek eratu zuten. Sortu zen garaian Buenos Airesen unibertsitateetako ikasleek abesbatza jaialdiak antolatzen zituzten eta zenbaitetan umore ekitaldiak ere egiten zituzten. Hala hasi zen taldea. 1965ean aurkeztu zen, Cantata Laxatón ikuskizunarekin. Ikuskizun hartako berrikuntza nagusia musika tresna bitxiak ziren, Jorge Maronnak asmatuak eta eginak. Izugarrizko arrakasta izan zuten eta hainbat kontratu lortu zituzten ikuskizuna errepikatzeko. 1967an hartu zuten Les Luthiers izena. Talde horren asmoa da musikarekin, ez musikaz, barre egitea. Umore freskoa eta argia dute. Beren ikuskizunak edozein musika motari omenaldia izaten dira beti. Disko ugari grabatu dituzte, besteak beste: Les Luthiers, volumen 3 (1973), Les Luthiers, volumen 4 (1976), Muchas gracias de nada (1980, Mila esker ezergatik), Les Luthiers volumen, 7 (1983). Zuzenean eskaintzen dituzten ikuskizunen artean aipatzekoak dira: Les Luthiers cantan la ópera (1967, Les Luthiers-ek opera kantatzen dute), Blanca Nieves y los siete pecados capitales (1969, Edurne Zuri eta zazpi pekatu nagusiak), Vigésimo aniversario (1987, Hogeigarren urteurrena) eta Les Luthiers, grandes hitos. (Antología) (1992).