Lutoslawski, Witold
Poloniar musikagilea (Varsovia, 1913-1994). Poloniako XX. mendeko musikagile handienetzat hartzen da. Varsoviako Kontserbatorioan ikasi zuen. 1932-1955 urteen bitartean kontzertuak eman zituen pianista gisa, eta 1952tik aurrera orkestra zuzendari gisa nabarmendu zen. Konposizio irakaslea izan zen Europako eta Estatu Batuetako hainbat ikastetxetan. Gaur egungo Musikako Nazioarteko Elkartean lehendakariorde izan zen, Suediako Musikako Errege Akademiko kide eta doctor honoris causa izendatu zuten Cleveland, Chicago eta Varsovian. Hainbat sari eman dizkiote, besteak beste, UNESCO saria (hiru alditan, 1959 eta 1968 bitartean), Herder (1967) eta Ravel (1971) sariak. Lutoslawskiren lehenengo lanetan Bartóken eragina nabarmena da, baina Hileta musika lanaren ondoren, serialismoaren osagaiak ikusten zaizkio. Lan horren aurrekoak dira, besteak beste, Bariazio sinfonikoak (1938), lehenengo sinfonia (1957) eta Bariazioak Paganiniren lan bati buruz (1941). Gerra garaian Panufnik-ekin jotzen zituen lan horiek Varsoviako gaueko klub-etan. Nazioartean Veneziar jokoak (1961) lanarekin egin zen ospetsu. Izugarrizko arrakasta izan zuen Kontzertua biolontxelorako (1970) lanarekin. 1972an Preludioak eta Fuga egin zituen orkestra eta harirako. 1980an Kontzertua osatu zuen oboe eta harparako, eta harizko eta perkusio tresnetarako.
- luthier
- Luthiers, Les
- Luthuli, Albert John
- luto
- Luton
- Lutoslawski, Witold
- Lutxana
- lutxarbi
- lutxi
- lutxo
- luvitera