Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ludovico

edo Luis I.a (Errukiorra deitua). Akitaniako erregea 781-814 urteetan eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea 814-840 bitartean (Chasseneuil, Poitou, 778 - Pertersaue, Germania, 840). Karlomagnoren semea zen. Haurra zelarik Akitaniako errege egin zuten eta lurralde horri lotua egon zen gaztetako urteetan. 812an Iruñean egon zen, frankoek Pirinioz bi aldeetako euskaldunen mendekotasuna berresteko asmotan, baina ez zuen lortu. 814an Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore egin zuten eta inperioaren batasunaz arduratu zen nagusiki handik aurrera. 817an bere seme Lotario egin zuen inperioan ondorengo eta beste semeen artean banatu zituen erresumak: Akitania Pepini eman zion eta Bavaria Luis II.a Germaniarrari. 818an biziro zapaldu zuen Bernardo Italiako errege eta ilobaren matxinada eta 824an aitasantutzarako hauteskundeak kontrolpean edukitzeko baimena jaso zuen. Inperioko zereginetan murgilduta, ezin aurre egin zien euskaldunen matxinadei, Akitaniako lurra konde frankoz bete zuen arren, eta 824an Iruñeko erresuma eratu zuen Eneko Aritzak. 829an oinordeko bihurtu nahi izan zuen Karlos (geroko Karlos Burusoila), Judith Bavariakoarekin izan zuen semea, baina gainerako semeak kontra oldartu zitzaizkion eta 833an enperadore titulua utzi behar izan zuen. Pepinek eta Luis II.ak berriro ezarri zuten inperioan 835ean.