Lorengar, Pilar
(Jaiotza izena, Pilar Lorenza García). Espainiar opera abeslaria (Zaragoza, 1928 - Berlin, 1996). Bartzelonako Musika Kontserbatorioan kantu ikasketak egin zituen. Madrilen Angeles Ottein ezagutu zuen, eta harekin hasi zen lanean. 1949an hasi zen antzokietan agertzen zarzuelako kantari bezala. 1951n Bartzelonako kantu lehiaketa bat irabazi ondoren, soprano bezala hasi zen kantatzen, eta bere ahotsa mundu osoan eman zen ezagutzera. Paris, Londres, New York, San Francisco, Chicago, Viena, Munich, Berlin eta beste leku askotan kantatu zuen. 1959an Berlingo Deutsche Oper-en kantatu zuen lehen aldiz; han bizi izan zen hurrengo urteetan, eta alemaniar herritartasuna hartu zuen. Espainian ez zuen abestu 1987 arte. Mozarten operak interpretatu zituen gehienbat, baina baita Verdi, Txaikovski, Weber, Wagner, Beethoven, Granados eta Fallarenak ere. 1990ean Arteetako Asturias Printzea saria eman zioten. Urte horretan bertan utzi zion antzokietan agertzeari, eta 1991n Lieder kantak jendaurrean abesteari. Operan interpretatu zituen rol aipagarrienak hauexek dira: Desdemona (Otello), Alice Ford (Falstaff), Violeta (La Traviata), Pucciniren Butterfly, Tosca eta Mimi heroiak, eta Mozarten hainbat pertsonaia nagusi, hala nola Kondesa eta Kerubin (Figaroren ezteiak operan), Pamina (Txirula Miragarria operan), Ilia (Idomeneo-n) eta Dorabella (Cosí fan tutte-n).