Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lorrena

(Fr. Lorraine; Al. Lothringen). Frantziako ipar-ekialdeko eskualdea, lau departamenduk (Meuse, Meurthe-et-Moselle, Moselle eta Vosges) osatua. 23.540 km2 eta 2.319.905 biztanle. Hiriburua: Nancy. Hiri nagusiak: Bar-le-Duc, Nancy, Épinal, Verdun, Thionville, Forbach. Hizkuntzak: frantsesa eta alemana (Moselle eta Meurthe-et-Moselle departamenduen alde gehienean).  v  Orografia eta klima. Ekialdean eta hego-ekialdean Vosges-etako mendiak dira nagusi (Schlucht, 1360 m), eta gainerakoan garaiera apaleko ordokiak daude, oro har, Meuse ibaiak eta beronen adarrek ildokaturiko lurretan. Neguak hotzak eta elurtsuak izan ohi dira eta udak askoz epelagoak (O °C eta 18 °C Nancyn batez beste). Neguan elurra egiten du eta euri asko izaten da urte osoan zehar (737 mm Nancyn eta 950 mm Épinal-en). Lurraldearen % 35 basoak hartzen du.  v  Ekonomia. Bertako zuretan eta lurpeko aberastasunetan oinarriturik, aspaldian garatu zen Lorrena industria tradizionala (altzariak, jostailuak, optikako gaiak, portzelana, kristalgintza, ur termalak). XVIII. mendean oso indartu zen ehungintza Vosges aldean. 1878an hasi ziren Lorrenako burdin hobi itzelak ustiatzen (6 mila milioi tonako erreserba. Frantziako burdin ustiapenaren % 96 eta Europakoaren % 46), Sidney Gilchrist Thomas ikertzaile ingelesak fosforo-burdina tratatzeko egin zuen metodoari esker. Burdingintzan oinarrituriko industria ezarri ondoren (Moselako ikatz hobiak ere hartu behar dira kontuan) guztiz aldatu zen Lorrenako ekonomiaren itxura. 1872an 1.533.000 biztanle zituen Lorrenak, eta 1911n 1.911.000. Industria astuna izan da ordutik hona nagusi Lorrenan, hiru gunetan banatua: Nancy aldea (altzairu bereziak), Chiers aldea (fundizioa) eta erdialdeko meatzeak. 1962tik aurrera, ordea, gehiegizko produkzioak krisi larria ekarri zuen eta gaur egun ere, desoreka handiak daude ekonomia alor nagusien artean. Nekazaritza utzi samar egon da Lorrenan XIX. mendearen bukaeratik aurrera eta, oso biztanle gutxi duten nekazari eremuen ondoan, hirialde guztiz jendetsuak (400.000 biztanle Metz aldean, 350.000 Nancy aldean), eta burdingintzan eta meatzaritzan oinarrituriko hiri-egiturak eratu dira.  v  Historia. Bi herri zelta bizi ziren Lorrenako lurraldean: leukoak eta mediomatrikoak. Frankoen eta alemaniarren inbasioaren ondoren, Austrasiako erresumako gune nagusia bihurtu zen Lorrena, eta ondoren karolingiar inperioarena. 855ean Lotaringiako (Lotharingia) erresuma eratu zen eta 923an Germaniako inperioaren barnean geratu zen. 959an bitan banatu zen Lotaringia: Goi Lotaringia, geroko Lorrena, eta Behe Lotaringia, geroko Brabante. 1048an Metz-eko dukerria sortu zen, 1737ra arte iraun zuena. Laster hasi ziren Metzeko, Luxenburgoko eta Bar-eko jaunen arteko liskarrak eta, gainera, lehengo aginpidea gorde zuten betiere Metz, Toul eta Verdungo apezpikuek. Egoera nahasi horretaz baliatu ziren Frantziako erregeak Lorrenako auzietan parte hartzeko Filipe IV.aren garaian bereziki (1285-1314). XV. mendean nolabaiteko batasuna egin zuten Lorrenako etxeek Burgundiako dukeen aurka XVI. mendearen hasieran burujabe jardun zuen Lorrenak. 1552an Frantziako erregea hiru apezpiku-hiriez jabetu zen eta handik aurrera bete-betean hartu zuen parte Lorrenak Frantziako erlijio-gatazketan. XVII. mendean, Luis XIII.a eta Luis XIV.a Frantziako erregeen aurka matxinatu zen Karlos IV.a Metzeko dukea, baina galdu egin zuen. Leopoldo dukearen garaian iraun zuen gerrak eta bakea Vienako bakea sinatu arte ez zen iritsi (1735). Estanislao Leszczynski Poloniako errege koroagabeari eman zioten Lorrena eta Frantziako koroak (Italiako Toscana jaso zuen ordainean). 1766an berriro jabetu zen Lorrenaz Frantziako erregea. XIX. mendean industria modernoa garatu zen Lorrenan. 1871-1918 urteetan, Alemaniaren barnean geratu ziren Lorrenako eskualde hizkuntzaz alemaniarrak, Alsazia-Lorrena lurraldean.