Lorenzetti
XIV. mendeko bi italiar margolariren deitura. Anaiak ziren biak eta elkarrekin lan egin zuten. v Pietro Lorenzetti (Siena, 1280 - Siena, 1348). Duccioren ikaslea izan ondoren Florentzian egin zuen lan Giottorekin eta haren jarraitzaileekin. Harenak dira San Frantzisko basilikako freskoak (Asis), Pala de Carmine (Sienako pinakoteka) eta Ama Birjinaren jaiotza (Sienako museoa). v Ambrogio Lorenzetti (Siena, 1290 - Siena, 1348). Florentzian lan egin zuen eta Giottoren ikasle izan zen. Harenak dira Vico L’Abate elizako Madonna, Sienako udaletxeko freskoak, Uffizi jauregiko Jesus Haurraren Aurkezpena eta Ama Birjinaren Deikundea (Sienako pinakoteka). Izurriteak jota hil omen ziren bi anaiak.