Lezo
Gipuzkoako udalerria (Donostialdea eskualdea). 1997ko datuen arabera, 5.800 biztanle ditu (lezoarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 2.998 euskaldun, 949 ia euskaldun eta 1.682 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (metalurgia, kimika, eraikuntza, janari industria, mekanika; langileen % 63,60) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, dendariak, administraritza, irakaskuntza; langileen % 32) dira. Aipagarri dira XVI. mendean zaharberrituriko San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza, Lezoko Kristoren santutegia eta etxe armarridunak. v Historia. 1203. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Lezoko herria. Hondarribiko herriaren mende bazegoen ere berezko alkate izateko eskubidea zuen Lezok. Donostiako foruen bidez gobernatua izan zen 1203. urtetik aurrera Hondarribiko mugen barnean zegoelako, hain zuzen. XVI-XVIII. mendean zehar liskarrak izan zituen Hondarribiarekin lurren jabetza zela eta. XVIII. mendeaz geroztik Pasaiako herriaren historiarekin loturik egon da, diru bera, Zaharrentzako Egoitza bera eta bazkarako landa berak erabiltzen baitzituzten. 1771. urtean Pasaia Hondarribitik bereizi ondoren gauza bera egin zuen Lezoko herriak 1814an. 1805-1814 bitartean Nafarroako erresumaren mende egon zen Irun eta Hondarribiarekin batera.