lezka-txori
iz. Zool. Silbidoen familiako acrocephalus generoko hainbat txori motari eman zaion izen arrunta. v Lezka-txori handia (Acrocephalus arundinaceus). 21 cm inguru izaten da luze. Gorputzaren gainaldeak arreak ditu eta azpikoak hori gorrixkak. Europako edo Asiako erdi-hegoaldean ibiltzen da udan eta neguan Asiako hegoaldera edo Afrikara joaten da. Kanabera artean ibiltzen da eta haien zuztarrak elkarri kateatuz prestatzen du habia egiteko lekua. Intsektuak jaten ditu. v Lezka-txori arrunta (Acrocephala scirpaceus). 14 cm izaten da luze. Gaina oliba kolorekoa eta azpia zurixka izaten du. Europan edo Asiako sartaldean ibiltzen da udan eta neguan Afrikara joaten da. Bizi-eremurik gogokoenak leku zingiratsuak ditu. Intsektuak, batez ere harrak eta armiarmak, janez elikatzen da. Kukuak lezka-txori arruntaren habian erruten du gehienetan arrautza eta honek hazten dio umea.