Lesotho
(Izen ofiziala, Lesothoko Erresuma; antzina Basutoland). Afrikako hegoaldeko estatua, Hegoafrikako estatuak inguratua. 30.355 km2 eta 1.795.000 (2005eko estimazioa, lesothoarrak). Hiriburua, Maseru. Hiri nagusiak: Maputsoe, Teyateyaneng, Mafeteng eta Hlotse. Etniak: sothoak % 99,7; besteak % 0,3. Erlijioa: katolikoak % 43,5; protestanteak % 26; anglikarrak eta beste kristau batzuk % 19; besteak % 10. Hizkuntza ofizialak: sothoera (bantu hizkuntzaren familiakoa) eta ingelesa. Dirua: loti-a. ■ Lurraldea. Lesothori “ur gaztelua” deitzen zitzaion, erreserba hidrauliko handiak baititu, Drakensberg-eko amildegi basaltikoei eta Maluti mendikateari esker, bai baitira 3.000 m garai diren mendiak, eta haietan jaiotzen da Orange ibaia. Erliebe malkartsu horrek hartzen du herrialde osoa, mendebaldea izan ezik, eta huraxe da lant daitekeen eremu bakarra (Lesothoko eremu osoaren % 15). ■ Gobernua. Lesotho monarkia konstituzionala da, 1993ko konstituzioa onartu zenez gero (aginte banaketa ezarri zuen eta eskubide zibilak babesten ditu, adierazpen askatasuna, elkartzeko eskubidea, biltzeko eskubidea eta erlijio askatasuna, besteak beste); harrezkero, monarkia hereditarioa da, baina erregea “nazio batasunaren ikur bizia” da, eta ez du ez ahalmen eragilerik, ez legegilerik. Senatuko kideek herentziaz jasotzen dute kargua, eta erregeak izendatzen ditu horien erdiak, Lehen Ministroaren aginduei jarraituz. Lehen Ministroa da gobernuburua eta aginpide betearazlearen arduraduna. Nazio Biltzarra da behe ganbera. ■ Biztanleak. Lesothoko biztanleria homogeneoa da, sothoek osatzen dute ia osorik. Biztanle gehienak kristauak dira (Lesothoko Unibertsitatea, Roma, katolikoa da). Urbanizazio tasa txikia da, % 23 ingurukoa, eta biztanle eskolatuen tasa berriz Afrikako handienetakoa da; 15 urtetik gorako biztanleen % 85 inguruk daki idazten eta irakurtzen. Biztanleriaren hazkundea oso txikia da, % 0,1ekoa, 2008ko estimazioen arabera. Batez besteko bizi itxaropena 40 urtekoa da, eta etorkizunean are murritzagoa izango den beldurra dago, HIESak eragindako heriotzen ondorioz. Izan ere, biztanleen % 29 dago birusak kutsatuta edo gaixotasuna garatuta; munduko tasarik altuenetakoa da, eta terapia antirretrobirala abian jartzeko programa antolatu den arren, ez dago gaixo guztiei tratamendua emateko baliabide aski. ■ Ekonomia. Lesotho herrialde aski pobrea da. Laborantzan (artoa lantzen da batez ere) dihardute biztanle aktiboen % 70 baino gehiagok. Behi aziendan ardiak eta ahuntzak dira aipagarrienak; badira mohair ahuntzak, eta haien artilea da herrialdearen aberastasun nagusietako bat. Nekazariak oso pobreak baitira –areago pobretu dira lurrak oso higatuak daudelako–, sotho askok Hegoafrikara emigratu behar izan dute, eta han batez ere meategietan dihardute lanean: haien soldatek, Lesothora itzulita, Lesothoko NPGren % 40 osatzen zuten 1993an. Lesothon badira diamanteak ere, baina Letseng-La-Teraď-ko hobia, Hegoafrikako De Beers-ek ustiatzen zuena itxi egin zuten 1982an, harri horren prezioak behera egin zuenean. Baliabide natural nagusia, edonola ere, ura da. 1986an abian jarritako Lesotho Highlands Water Project (LHWP) egitasmoari esker, ura jaso, bildu eta Hegoafrikara saltzen du Lesothok. Proiektua amaitzen denean, behar duen elektrizitate guztia ekoitzi ahal izango du Lesothok, baita Hegoafrikari zerbait saldu ere. Bestalde, turismoa ere indartzen hasi da. 1992az gero, asko sendotu zen ekonomia, baina 1998. urtean izan ziren kale istiluetan, Maserun eta beste zenbait hiri handitan, merkataritza azpiegituren % 80 suntsiturik geratu ziren. Harrezkero doitze estrukturalerako proramak gauzatu dira eta inflazioak behera egin du, baina merkataritza defizita handia da oraindik. ■ Aduana eta diruari dagokionez, Lesotho, Swazilandiarekin batera, Hegoafrikarekin lotua dago, Southern Africa Customs Union (SACU) deritzan erakundean, eta Hegoafrikarekiko erabateko mendekotasuna du ekonomiari dagokionez. ■ Historia. 1966. urteaz gero da Lesotho independente, eta Moshoeshoe II.a erregea izan zen estatuburu, harik eta 1986. urtean Justin Lekhanya jeneralak tronutik eraitsi zuen arte. Erregea eraisteaz gainera nazio biltzarra desegin eta konstituzioa baliogabetu zuen Lekhanyak, baina nolanahi ere, ahalmen betearazle eta legegileak itzuli zizkioten gero Moshoeshoe II.a erregeari, Lekhanya jenerala buru zuen Batzorde Militar baten eta Ministro Batzordearen aholkupean jarduteko baldintzarekin. Alabaina, 1990eko otsailaren 21ean, Lekhanyak ahalmen guztiak kendu zizkion erregeari berriro, eta martxoan erbestera bildali zuten. Azaroan tronutik eraitsi zuten, eta haren semeak hartu zuen erregetza, Letsie III.a izenarekin. Lekhanya bera militar talde errebelde batek kendu zuen aginpidetik, erreforma demokratikoa abian jartzen ez zuelako. Militarren agintaldia 1993. urtean amaitu zen, konstituzio demokratiko bat onartu zelarik; Ntsu Mokhehle, Basutoland Congress Party alderdikoa, bilakatu zen Lehen Ministro. 1994an Letsie III.ak eta Ntsu Mokhehlek hitzarmen bat izenpetu zuten Moshoeshoe berriz ere errege izendatzeko. Letsie III.ak abdikatu egin zuen, eta Moshoeshoe II.a 1995eko urtarrilean ezarri zuten berriz erregetzan. Alabaina, 1996an hil egin zen errepide istripu batean, eta semeak hartu zuen berriz erregetza, ohiko bidetik kasu honetan. 1997an, Ntsu Mokhehlek, bazter utzi baitzuten Basutoland Congress Party alderditik, beste alderdi bat sortu zuen, Lesotho Congress for Democracy (LCD), eta alderdi hori izan zen garaile 1998ko legegintzako hauteskundeetan, 80 eserlekutik 78 lortuta. Ntsu Mokhehle ordea zahartuta zegoen ordurako; 79 urte zituen, eta oso gaixorik baitzegoen, ezin izan zuen Lehen Ministro postua hartu. LCDko buru Pakalitha Mosisilik hartu zuen kargua. Hauteskundeen emaitzak, ordea, ez zituen onartu oposizioak, eta manifestazio handiak antolatu zituen. Manifestazioen ondorioz, bortxa zabaldu zen, eta kaosean murgildu zen herrialdea; gero eta nabarmenagoa zen estatu kolpearen arriskua. Irailean, Hegoafrika eta Botswanako gudarosteek esku hartu zuten ordena jartzeko. Behin-behineko aginte talde bat ezarri zen, estatuaren ordezkariek eta oposizioko kideek osatua, hemezortzi hilabeteko epean berriro hauteskundeak antolatzeko eta aldi horretan bakea gordetzeko ardurarekin. Urte hartan bertan hauteskunde sistema berritu zen, oposizioak Nazio Biltzarrean ordezkaritza izan zezan. Sistema berriari jarraituz, 2002an egin ziren lehen hauteskundeak eta LCD (Pakalitha Mosisili) izan zen garaile, baina, lehen aldiz, oposizioak ordezkaritza zabala lortu zuen eta giroa baretu egin zen.
http://www.lesotho.gov.ls/home/