Lerin
Nafarroako udalerria (Lizarrako merindadea). 1999ko datuen arabera, 1.918 biztanle ditu (lerindarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, artoa, bazkarako landareak; langileen % 52) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, ardogintza, kontserbak; langileen % 25) dira. Aipagarri dira XVI. eta XVIII. mendeetan eraberritutako Andre Maria Jasokundekoaren parrokia eliza, XV. mendeko Andra Maria Zuriaren ermita (XVII. mendean zaharberritua), 1751. urteko parrokia etxe barrokoa eta XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat etxe barroko. v Historia. 1211. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Leringo herria. Leringo herria Leringo konde eta Nafarroako kondestablea zen Luis Beaumont beaumontarren buruzagi nagusiaren mende geratu zen hura, Karlos III.a Nafarroako erregearen sasiko alaba Joanarekin ezkondu zenean eta, beraz, beaumontarren eta agramondarren arteko gudu ugari izan ziren Leringo lurretan. Lerin, Carcar, Andosilla, Mendabia, Sesma, Allo eta Deikaztelu herriek osatua zen Leringo konderria. XV. mendean zehar aljama edo auzo judu garrantzitsu bat antolatu zen Leringo herrian. XIII. mendetik gutxienez herriko gain batean zegoen gaztelua 1516. urtean suntsitu zuten gaztelarrek. Konbentzioko gerra garaian frantsesen mende geratu zen (1794). 1808an Napoleonen osteek herria erre zuten eta bost urte geroago sekulako galera izan zuten Espoz eta Ilundainen gerrillariek toki berean eta etsai berberaren aurka. Karlistadetan liberalen mendean egon zen.