Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leotz

Nafarroako udalerria (Herriberri merindadea). Leoz du izen ofiziala. 1999ko datuen arabera, 263 biztanle ditu (leoztarrak). Honako kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Artarain, Iratxeta, Leotz eta Oleta. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia laborantza (garia, garagarra, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira (langileen % 73). Aipagarri dira Amatriaingo parrokia erromanikoa eta XVI. mendeko bi jauregitxo, Artariaingo San Joan Bataiatzailearen parrokia (XVII eta XVIII. mendeetan eraberritua), XVI. mendeko Santa Luzia ermita eta XVI-XVII. mendeetako etxeak, Benegorriko San Bartolome parrokia erromanikoa (XII. m.), Leotzeko Ama Birjinaren Jaiotza parrokia (XIII. mendearen hasierakoa) eta XVI. mendeko jauregia, Bezkitzeko San Andres parrokia eliza (XVII-XVIII) Iratxetako parrokia eliza erromaniko berantiarra, Makirriaingo Santa Katalina eliza gotiko goiztarra, Olletako Ama Birjinaren Jasokunde eliza erromanikoa (XII. m.), Santsoaingo San Pedro eliza gotiko goiztarra eta Uzkitako San Klemente parrokia (XIII. m.).