Leopoldo Ia
Germaniako enperadorea 1657-1705 urteetan, Austriako artxidukea eta Bohemia eta Hungariako erregea (Viena, 1640 - Viena, 1705). Fernando III.aren semea eta ondorengoa izan zen. 1664an turkiarrei eutsi zien, Montecuccoli printzeak Hungariako Szentgotthard hirian lortu zuen garaipenari esker. Hungariako aitonen seme protestanteak altxatu ziren ondoren eta oste turkiarrek, egoera hartaz baliatuta, Viena setiatu zuten. Leopoldo I.ak Joan III.a Sobieski Poloniako erregearen laguntzaz salbatu ahal izan zuen Viena (1683). 1699an turkiarrek Karlowitzeko bakea izenpetu behar izan zuten, Leopoldo I.ak bultzatu zuen Aliantza Santuak horretaraturik. Huts egin zuen, ordea, Luis XIV.a Frantziako erregearen aurkako gerretan; Nimègue (1679) eta Ryswickeko (1697) hitzarmenak izenpetu behar izan zituen haren aurrean eta Austriako eta Borboiko etxeak elkarren aurka ezarri zituen Espainiako Erregetzarako gerraren garaian hil zen. Vienan bizi izan zen eta benetako estatu bat sortu zuen hiri horren inguruan.