Léon, Albert
Euskalari frantsesa (Bordele, 1883-1953). Gurasoak juduak zituen. Begietako gaitz batek sei urte zituela erabat itsutu zuen. Filosofiako irakasle izan zen Vendée eskualdeko La Roche-sur-Yon hiri nagusian. Han doktoretza tesi idatzi zituen. Lehena: Les éléments cartésiens de la doctrine spinosiste sur les rapports de la pensée et de son objet (1908). Bigarrena, berriz: Une pastorale basque. Héléne de Constantinople. Etude historique et critique, d´aprés des documents inédites, avec textes et traduction (1909). Hérelle irakaslearen ordez etorri zen Baionara, Lizeoko irakasle. RIEV, Gure Herria, Bulletin de la S.S.L.A de Bayonne, Congrès de l’Union historique, Euskalerriaren alde, Eusko Jakintza, Gure Herria, eta Revue Philomatique de Bordeaux aldizkarietan eman zituen argitara bere lan garrantzitsuenak.