Leon, Fray Luis de
Espainiar olerkaria eta idazlea (Belmonte, 1527 - Madrigal de las Altas Torres, 1591). Agustindarren Ordenako fraidea 1644. urtetik aurrera eta Salamancako katedraduna izan zen. Vulgata-ko testuaren inguruan egin zituen adierazpenengatik atxilo hartu zuten Inkisizioak aginduta eta lau urte eman zituen espetxean. Aske geratu zenean katedra berriak (teologoa, eskolastika, filosofia, etika, Biblia) eskuratu zituen unibertsitate berberean. Lirika sakona du, gehiegikeriarik eta irudirik gabea, Sevillako eskolakoa ez bezalakoa. Hiru poema liburu eman zituen argitara eta aipagarri dira, guztien artean, La vida retirada, Noche serena, A Felipe Ruiz, A Salinas, En la Ascensión eta Morada del cielo poema etiko-erlijiosoak. Harenak dira, halaber, Explanatio in Cantica canticorum (1580, Kantiken Kantikaz gogoetak), La perfecta casada (1583), De los nombres de Cristo (egilearen maisu obra, 1583) eta La exposición del libro de Job hitz-lauz idatziriko obrak, Espainiako Berpizkunde katolikoko idazle nagusietako bat bihurtu zutenak.