León Carpio, Ramiro De
Guatemalar polikaria (1942). Unión del Centro Nacional alderdiaren sortzailetako bat (1983), alderdiko idazkari nagusi (1983-1986) eta Biltzar Konstituziogileko diputatu (1984-1986) aukeratu zuten. Zenbait alditan Biltzarreko lehendakari izan zen eta, aldi berean, Giza Eskubideen prokuradore (1983-1993). Jorge Serrano Elías presidente ohiak Biltzarra deuseztatu (1993ko maiatzean) eta Guatemala normaltasun konstituzionalera itzuli zenean, Kongresuak De León Carpio aukeratu zuen errepublikako lehendakari agintaldi konstituzionala osatzeko (1993-1996). De Leónen gobernuak ustelkeria errotik atera eta adierazpen askatasuna bermatzeko hainbat berrikuntza bultzatu zituen. Bill Clinton Estatu Batuetako presidenteak eta Erdialdeko Amerikako presidenteek sinatu zuten Garapen Iraunkorraren Hitzarmenean ere parte hartu zuen De Leónek 1994ko abenduan. 1996ko urtarrilean agintaldia bukatu zenean, Alvaro Arzú lehendakariari eman zion aginpidea.