Lenz, Siegfried
Alemaniar idazle eta kazetaria (Lyck, Ekialdeko Prusia, 1926). Bigarren Mundu Gerraren amaieran armada alemaniarrean borrokatu behar izan zuen, eta orduan bizi izandakoak hainbat eleberri idazteko balio izan zion gero. Gerra amaitu zenean, Hanburgoko Unibertsitatean ikasi, eta programa zehatzik ez zuen 47ko taldea izeneko idazle taldeko kide izan zen; 1951n, berriz, Die Welt egunkarian idazten hasi zen. Askoren ustez, nazionalsozialismoak ideologia horren aurkako alemaniarrengan eragin zuen samina literaturan hobekien islatu duen idazleetako bat da Lenz. Heroitasuna, erruduntasuna, betebeharraren eskakizunak eta gizakien halabehar tragikoa lantzen dira bere eleberri gehienetan: Es waren Habichte in der Luft (1951, Aztoreak zebiltzan zeruan); So zärtlich war Suleyken (1955, Zein ederra zen Suleyken!) eta Die Deutschstunde (1968, Alemanezko ikasgaia) beste batzuen artean. Lenzek atzera begirako analisi berbera erabiltzen du sarritan bere eleberri kafkiano laburretan ere. Antzerki lanak ere idatzi ditu: Zeit der Schuldlosen (1961, Errugabeen garaia); Aurpegia (1963); Toldi inspektorea; Galera (1991) eta Proba akustikoa (1993). XX. mendearen azken urteetan, Alemaniako irrati eta telebistako kazetari iruzkingile zorrotza bilakatu da Lenz.