Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lakuntza

Nafarroako erdi mendebaleko udalerria, Arakil ibaiaren eskuinaldean (Iruñeko eskualdea). Mugak: iparraldean, Araitz eta Aralar mendilerroa; ekialdean, Arruazu, mendebalean, Ergoiena eta hegoaldean, Arbizu eta Urbasako mendilerroa. Garaiera, 491 m. 32,93 km2. 1999ko datuen arabera, 984 biztanle ditu (lakuntzarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Arakil ibaiak igarotzen du Lakuntzako udalerria mendebaletik ekialdera. Industrian (altzairugintza, lantegi metalikoak, eraikuntza metalikoak, eraikuntza) eta zerbitzuen alorrean oinarritzen da bertako ekonomia. Abeltzaintza (ardi eta zerri azienda) garrantzitsua. Aipagarri dira 1800. urteko udaletxea, XVI. mende erdialdeko Salbatore parrokia eliza gotiko berantiarra (XVII. mendeko erretaula barroko goiztarra) eta San Antonio Abate, San Sebastian eta San Julian ermitak.  v  Historia. Etxarri-Aranatzeko herriak zituen eskubide berberak izatea lortu zuen Lakuntzako herriak 1365. urtean Nafarroako Karlos II. erregearen eskutik. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.