Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Labrador

Kanadako ipar-ekialdeko penintsula, Quebec eta Newfounland lurraldeen iparraldean. 1.620.000 km2. Hiri nagusiak: Schefferville (Quebec), Labrador City eta Wabush (Newfounland) Mugak: iparraldean, Hudsongo itsasartea eta Ungavako badia; mendebalean, Hudsongo badia; ekialdean, Ozeano Atlantikoa, eta hegoaldean, Ternuako uhartea, Saint Lawrence golkoa eta Eastmain ibaia. Labrador-Ungava izenaz ere deitzen da Labrador penintsula eta Quebec-eko probintziaren ipar eta ipar-ekialdea (Quebec Berria) eta Ternuako probintziaren barnealdea (Newfoundland) hartzen ditu. Administrazioaren aldetik Kanadako ekialdeko muturreko lurraldea da, Quebec eta Newfoundland edo Ternuako lurraldeen artean banatua. 300-700 m garai diren ordokiak  dira Labradorreko lurralde gehienean, eta glaziar, aintzira eta ibai asko dago. Mendilerro bat da zabaldiaren iparraldean (Torngat, 1.675 m.). Klima oso hotza da, eta neguan erraz iristen da -45 °C-ra (urteko batez besteko tenperatura -4,4 °C-koa da). Labrador penintsulako itsasertzetan eskimalak bizi dira eta barnealdean talde algonkindar gutxi batzuk. 37.000 europar bizi da gaur egun Labradorren, meatzeetan lanean gehienak. Meatze handiak dira (burdina, nikela, amiantoa, kobrea, urrea eta uranioa) eta hori da, arrantzarekin batera, bertako ekonomia jarduera nagusia.  v  Historia. Joan Cabot, Ingalaterrako koroaren zerbitzuan ziharduen italiar itsasgizona, Labrador penintsulan ibili zen XV. mendearen bukaeran eta haren hegoaldeko itsasertzetan jardun zuten arrantzale euskaldunek, bretoiek eta bestek XVI. mendearen hasieratik aurrera. XVI. mendean Frantziako koroa nagusitu zen penintsulan. Utrechteko hitzarmenaren ondoren (1715), guztiz murriztu ziren arrantzale euskaldunen bidaiak Ternuara eta Labradorrera, eta ingelesen mende geratu zen Labrador osoa 1763. urtean. Kanadako lurraldea izan zen 1774an. 1890. urtean burdin hobi itzelak aurkitu ziren, baina 1950. urtea arte ez zen ustiakuntza hasi, teknika arazo handiengatik. 1927an zehaztu zen Labradorren, Quebec eta Newfounland (Ternua) lurraldeen arteko muga.