Labaien
Nafarroako ipar-mendebaleko udalerria (Iruñeko eskualdea). Mugak: iparraldean, Zubieta eta Ituren; ekialdean, Urrotz; mendebalean, Saldias, eta hegoaldean, Basaburua eta Ultzama. Garaiera: 456 m. 27,57 km2. 1999ko datuen arabera, 296 biztanle ditu (labaiendarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Amezua erreka igarotzen da herritik. Udalerria Beintza eta Labaiengo herriguneek osatzen dute. Euskara: goi-nafarrera; euskaldunak: % 99. Laborantza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi, ardi, zaldi eta zerri azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 67). Langileen % 20k inguruko herrietako industrian dihardu (janari industria eta zurgintza). Aipagarri dira Beintzako XVI. mendeko San Pedro eliza gotiko-errenazentista (XVIII. mendeko erretaula barrokoak), hango irudiak (XVI-XVIII. m.) eta Salbatore ermita. v Historia. 1192. urtean jaso zituen Labaiengo herriak foruak Nafarroako errege Antso VI. Jakitunaren eskutik.