labaingarri
izond. Labainarazten duena, irristagarria. v iz. eta izond. Mek. Mugitzen diren tresnen atalen arteko igurtzia, eta igurtziak sorrarazten duen beroa, arindu eta gutxiagotzeko erabiltzen den olioa, gantza edo bestelako gai kimikoa. Labaingarriak mintz bat eratzen du mugitzen diren gainaldeetan, eta, horren ondorioz, mugimendua errazten du, gainaldeek ez baitute zuzenean elkar ukitzen eta igurzten. Sei multzo nagusitan sailkatzen dira labaingarri gisa erabiltzen diren olioak: olio mineralak (petrolio gordinaren destilazioz lortuak, mekanikan erabiltzen direnak), olio koipetsuak (landareetatik edo animaliengandik ateratakoak, esterren multzokoak, erraz oxidatzen direlako gutxiago erabiltzen direnak), olio elkartuak (aurreko bien nahasturak, mekanikan oso erabiliak), olio aseak (olio mineralei osagarri berezi batzuk gehituz lortutakoak), olio emultsionagarriak (olio mineralezko emultsioak, igurtziak sortzen duen beroaren aurka eragin handia dutenak), eta gantzak (metalezko xaboi baten eta olio mineral baten nahasturak. Olio labaingarri horiez gain, labaingarri berezi batzuk ere erabiltzen dira: grafitoa (tenperatura handietan eraginik galtzen ez duena), molibdenita (molibdeno bisulfuroa, tenperatura handietan grafitoa baino hobea dena), talkoa, mika eta igeltsua (metalezko hariak egiten dituzten tresnetan erabiltzen direnak).