kuantiko
izond. Fis. eta Kim. Quantumei dagokiena. v Fisika kuantikoa. Gaurko fisika nuklearraren oinarrizko teoria: irrada elektromagnetiko ororen (X izpi, argi, bero, irrati uhin, eta abarren) energia materiak bereganatzen du, banako guztiz txikien (quantumak edo fotoiak) bitartez. Dagokion uhinaren maiztasunarekiko proportzionala da quantum bakoitzaren energia. Max Planck–ek egin zituen teoria honen lehenbiziko formulazioak, 1901ean. Haren ondoren, Einstein–ek (1905–1907) eta Bohr–ek (1913) landu eta zabaldu zuten fisika kuantikoaren teoria. Teoria honen funtsezko oinarria hau da: egoera normalean, atomoak ez du energiarik irradatzen, ezta hartzen ere, baina kanpoko indar batek atomoari eragiten badio, elektroia orbitaz aldatzen da, eta orbita hori lehenagokoa baino txikiagoa bada, atomoak quantum bat energia irradiatzen du; elektroia, berriz, orbita handiago batera igaroz gero, atomoak quantum bat energia hartzen du. Quantum deitzen den energia banakoa beti da zenbaki oso bat. Quantumaren energia kalkulatzeko, maiztasuna (v) bider gai guztientzat berdina den konstante bat (Planck–en konstantea, h sinboloaz adierazia) egin behar da, formula honen arabera: E = hv. v Mekanika kuantikoa. Planck–en teoria kuantikoan oinarritutako mekanika mota, atomoen, molekulen eta funtsezko partikulen jokaera zehazten duena. Mekanika kuantikoaren baitan, bi ikuspegi nagusi daude: uhinen mekanika (Broglie–k eta Schrödinger–ek asmatutakoa, erantsitako uhinak aztertuz partikulen mugimendua zehazten duena) eta quantumaren erlatibitatearen mekanika (Schrödinger–en ekuazio kuantikoak erabiliz spin-aren ezaugarriak zehazten dituena. Spin izenaz ezagutzen da oinarrizko partikulen eta atomoen nukleoen berezko angelu unea. v Kimika kuantikoa. Kimika-fisikaren adarra, jokaera kimikoak mekanika kuantikoaren legeen arabera zehazten dituena.