Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kuakero

iz. Protestantismotik sortutako sekta bateko kidea. Sekta hau George Foxek sortu zuen Ingalaterran XVII. mendean eta Estatu Batuetan zabaldu zen gehienbat. Kuakero nagusietako bat William Pen izan zen, 1681ean Pennsylvania sortu zuena. Kuakeroen benetako izena The Religious Society of Friends da (Adiskideen Erlijiozko Elkartea) eta quakers (dardaratiak) deitzen zaie Foxek bere sermoietan erabiltzen zuen leloagatik, Tremble at the Word of the Lord («Dardar egizue Jainkoaren hitzarekin») eta kuakeroek beren erlijiozko zirrara dardaren bidez adierazteko ohitura zutelako. Ez dute sakramenturik onartzen, uko egiten diote epaiketetan zin egiteari, uko egiten diote armak egin eta erabiltzeari, anaiarteko borrokatzat dute gerra eta ez dute elizako inongo hierarkiarik onartzen. Prestutasuna eta filantropia dira beren ezaugarri nagusiak. 1947an Bakearen Nobel saria eman zitzaien.