Ku Klux Klan
Estatu Batuetako bi elkarte isilpeko desberdini eman ohi zaien izena. Lehenbizikoa Hegoaldean sortu zen, 1866an. Bereizkuntzarako Gerran Konfederazioko gudari izandako batzuek eratu zuten, eta Natham B. Forrest zuen buru. Gerraren ondoko Berreraikuntzaren aurka joan eta lehengo pribilegioei eustea zuen xede nagusi. Mozorroz eta erritu bereziz lagunduriko zigorketa eta esetsaldiak antolatzen zituzten, beltzak eta beltzen aldekoak izuturik edukitzeko. Forrestek Klana deuseztatu zuen (1869), baina kideek lehengoari eutsi zioten. Bigarren Klana, berriz, 1915ean sortu zen, eta asmo zabalagoak zituen: jarrera antikatoliko, antisemita, natibista eta fundamentalista nabaria zuen, eta Iparraldera ere hedatu zen, Lehen Mundu Gerrak susperturiko abertzaletasun sutsuaren baitan. 1920. urte inguruan lau miliotik gora kide zituen. Azkar hasi zen behera egiten, baina aski indar bazuen oraindik 1928an Alfred. E. Smith katolikoa lehendakaritzatik kentzen laguntzeko. Halako susperraldi bat izan zuen gerora, 1960-1970. urte bitarteko giza eskubideen aldeko borrokaren kontrako erreakzio gisa. Hegoaldeko giza eskubideen aldeko borrokalari beltzei zein zuriei erasotzen zieten. Gerora, taldetan banatu arren, arraza gatazketan nahasturik ibili da, eta kide berriak bereganatzeko ahalegin gogorrak egin ditu.