krokodilo
iz. Muskerraren tankerako narrasti handia, gorputza ezkata gogorrez estalia duena eta eskualde beroetako ibaietan bizi dena (Fam. Crocodylidae). v Niloko krokodiloa (Crocodilus niloticus). Oro har 5 m inguru izaten da luze, baina aurkitu izan dira 10 metro eta gehiagokoak. Hiruki egiturako mutur luzea du. Lepotik atzerako gaineko aldean karatxo moduko koskorrak edukitzen ditu lerrotan. Brontze koloreko berdexka eta orbain beltzekikoa izaten du bizkarra, sabela aldiz horixka. Afrikako tropikoko eta inguruetako ibaietan, Madagaskarren, Komore eta Seychelle uharteetan bizi da. Hondarretan zuloa eginda jartzen ditu arrautzak. v Itsas krokodiloa (Crocodilus porosus). Sri Lankako, Australiako eta Salomon uharteetako ekialdeko ur txikiko itsasertzetan eta ibai bokaleetan bizi dena. 6 m inguru izaten da luze, baina 12 m-koak ere aurkitu izan dituzte. v Orinokoko krokodiloa (Crocodilus acutus edo c. americanus). Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan eta Antilla uharteetan bizi dena.