Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korea

(Koreeraz, Txoson edo Tae Han). Asiako hego-ekialdeko penintsula, 219.296 km2. Mugak: iparraldean Txina (Mantxuria), ipar-ekialdean Errusia, ekialdean Japoniako Itsasoa, hego-ekialdean Jejuko itsasartea, mendebalean Itsaso Horia, eta ipar-mendebalean Koreako badia. Ipar Korea eta Hego Korea estatuak daude penintsulan, 38° paraleloak bereizita. 6.506.000 biztanle (1991). Dentsitatea: 29,6 biztanle km2.  v  Orografia eta hidrografia. Koreako penintsula 1.000 km inguru luze da, eta 216-350 km zabal. Lurralde menditsua da, iparraldean eta ekialdean batez ere. Taebek mendizerra igarotzen da Koreatik penintsula ekialdeko itsasertzaren norabide berean eta haren ondoan; beraz, ekialdeko itsasbazterra oso meharra da. Mendebalean, aldiz, lur emankorreko zabaldiak daude, eta handik igarotzen dira Koreako ibai nagusiak. Mendi garaienak ipar-ekialdean daude: Baegdu (2.744 m), Kuanmo (2.541 m), Puksubaek (2.552 m); hegoaldeko mendi garaienak Txiri (1.915 m) eta Txeju uharteko Halla (1.950 m) dira. Koreako penintsulako itsasertza malkartsua da ekialdean, eta portu natural gutxi ditu; aipatzekoak dira, iparraldean, Wonsan eta Txonjinieko portuak eta Txoson-eko golkoa. Mendebalean eta hegoaldean, berriz, Koreako itsasertza laua da, eta sartu-irten, portu natural eta badia asko ditu; portu nagusia Intxonen dago, eta aipatzekoak dira Korea, Haeju, Asan eta Kunsango badiak. 3.000 bat uharte daude hegoaldeko eta mendebaleko itsasertzean. Koreako bi ibai nagusiek, Yalu eta Tuman, Txinako Mantxuriarekin muga egiten dute; Yalu ibaiak (806 km) Koreako badian isurtzen du ura, eta Tuman-ek (520 km), aldiz, Japoniako itsasoan; ontziz ibil daiteke bi ibai horien beheko ibilguetan. Ibilbide osoa Koreako penintsulan egiten dutenen artean, Naktong (512 km, hego-ekialdean), Han (500 km inguru, erdialdean), Kum, Taedong eta Somjin dira nagusiak. Koreako penintsulan ez dago aintzirarik.  v  Klima eta landaretza. Koreako penintsulak klima kontinentala du lurraldearen parterik handienean, uda beroak eta oso negu hotzak dituena; hala ere, alde handiak daude toki batzuetatik besteetara eta, oro har, iparraldea hotzagoa da hegoaldea baino: urtean batez beste, 6 °C iparraldean, 8 °C erdialdean eta 11 °C hegoaldean; halaber, hegoaldean, udaren eta neguaren arteko tenperatura aldeak ez dira iparraldekoak bezain handiak. Euri gehiena montzoien garaian egiten du, uztailean eta abuztuan; urtean zehar, batez beste 1.000 mm euri egiten du. Iparraldean basoak (pinuak eta hosto erorkorreko zuhaitzak) lur eremu zabalak hartzen ditu; hegoaldean, ordea, lur sail asko daude (arroza) lehen basoak ziren tokietan.  v  Historia. Koreako lurraldearen askatasuna, lehendabizi, Japoniaren eta Txinaren, eta gero, Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren esku hartzeak mugatua izan da.  v  Koreako elezaharrak Tangun dinastiaren berri ematen du; honek K.a. 2333. urtetik aurrera gobernatu zuen. Baina Koreako lehen berri historikoak K.a. 57. urtekoak dira, lurraldean Hiru Erreinuen, Silla (hego-ekialdean), Kogurio (hego-mendebalean) eta Paektxe (iparraldean) erresumen garaikoa. Hiru erreinu horiek penintsulan nagusi izateko lehiatu ziren, eta K.o. VII. mendearen bukaeran, Sillako erresumak, orduan hirutan ahaltsuenak, Txinaren laguntzarekin, gainerako biak menderatu zituen. Silla nagusi zen garaian, nekazariak, zerga handiak ordaintzera behartuak, matxinatu eta, Wang Konen gidaritzapean, Sillako erresumari aurre egiteko antolatu ziren. Hala, 918an Korio (“garaia eta ederra”) erreinua sortu zuten. 1259an mongolarriek lurraldea konkistatu zuten, eta Txinari eta Japoniari erasotzeko base gisa erabili zuten. 1392an, Yi Songgie jeneralak aginpidea eskuratu eta Yi dinastia sortu zuen, 1910ean japoniarrek lurraldea hartu zuten arte iraun zuena. Yi dinastiak administrazio sistema zentralista jarri zuen indarrean, eta konfuzianismoa estatuko erlijio ofizial gisa. XV-XIX. bitarteko mendeetan Txina eta Japonia Korea menderatzen ahalegindu ziren; Japoniaren eragina nabarmena izan zen mende horietan, eta Koreak Txinaren zergapeko estatu izatea onartu zuen. 1910ean, ordea, Japoniako gudarosteak lurraldea hartu zuen. Japoniak, bere onerako, ekonomia indartu zuen, japoniera ezarri zuen hizkuntza ofizial gisa, eta Koreako abertzaleak gogor zapaldu zituen. Koreako gobernua erbestera joan zen, eta korear gudarostea, txinatarrekin batera, Japoniaren kontra borrokatu zen. Japonia Bigarren Mundu Gerran galtzaile atera zenean, Sobiet Batasunaren gudarostea Koreako iparraldetik sartu zen, 38° paraleloraino, eta Estatu Batuek, berriz, hegoaldea okupatu zuen. Korearen batasuna lortzeko Nazio Batuen aholkuei muzin eginez, 1948an Koreako Errepublika demokratikoa, edo Ipar Korea sortu zen, sobietarrek bultzatu zuten erregimen komunistaren mende, eta handik hilabete batera, Koreako errepublika, edo Hego Korea. 1950an bi lurraldeen arteko gerra zibila hasi zen. ik. Korea, Hego; Korea, Ipar.