Korea, Ipar
(Izen ofiziala, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa; Koreeraz, Choson Minjujuui In’min Konghuaguk). Koreako penintsulako iparraldeko errepublika. 122.762 km2 eta 23.479.088 biztanle (2008, korearrak). Mugak: Txina (Mantxuria) eta Errusia, iparraldean, Japoniako Itsasoa ekialdean, Itsaso Horia mendebalean, eta Hego Korea hegoaldean. Hiriburua: Piongiang (3.702.757 biztanle, piongiangdarrak). Hiri nagusiak: Hamhung, Txongjin, Nanpo, Suntxon. Etniak: korearrak % 99,8; txinatarrak % 0,2. Erlijioa: batere ez, % 67,9; bertako sinesmenak, % 15,6; txondogioak, % 13,9; budistak, % 1,7; kristauak, % 0,9. Hizkuntza: koreera. Dirua: won edo uon-a. ■ Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuek eta Sobiet Batasunak izenpeturiko itunaren arabera, Estatu Batuen osteek onartuko zuten japoniarren errenditzea 38. paralelotik hegoaldera, eta Sobiet Batasunak gauza bera egingo zuen paraleloaren iparraldean. Piongiang-ek Nazio Batuen begiraleak iparraldean onartu ez zituelarik, hegoaldean hauteskundeak egin eta Koreako Errepublika ezarri zen. Hurrengo hilean, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa sortu zen iparraldean. 1950-1953 urteetako Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra gogorraren ondoren, eta armistizioa izenpetuta, lerro militar bat ezarri zen 38. paralelotik gertu, bi Koreak banatzen dituena. Ipar Koreak inbertsio izugarriak egin ditu indar militarretan, eta milioi bat soldaduko armada bat osatu du, sendo hornitua. Ekonomia egoera latza den arren, bere baliabide urrien parte handi bat armadarentzat erabiltzen du Ipar Koreak. v Orografia eta hidrografia. Mendiek eta goi-ordokiek hartzen dute Ipar Koreako lurraldearen gehiena. Errepublikako ipar-ekialdeko Kaemako goi-ordokian (1.000 m inguru eta 10.360 km2) dago Paektu sumendia, penintsulako gailurra (2.744 m). Nangnim mendizerrak iparraldetik hegoaldera gurutzatzen du Ipar Korea; Hamgiong mendikatea, aldiz, ekialdeko itsasertzaren norabidean hedatzen da. Behe ordokiek eta haranek, berriz, lurraldearen bostena hartzen dute. Ipar Koreako hego-mendebaleko Piongiang eta Txaeriong-eko ordokiak dira errepublikako nekazaritzagunerik oparo eta emankorrenak. Ekialdeko lur lauak askoz ere meharragoak dira, mendiak ia itsasoraino heltzen baitira. Yalu (806 km) eta Tuman (520 km) dira Ipar Koreako ibai nagusiak, Mantxuriako eta Errusiako muga eratzen dutenak; ontziz ibil daiteke ibai horien behe ibilguetan. v Klima eta landaretza. Klima kontinentala da, neguak hotzak eta luzeak, eta udak hezeak dituena. 6 °C egiten du urtean, batez beste, iparraldean; 8 °C erdialdean, eta 11 °C hegoaldean. Montzoiek euria dakarte udan, eta tifoiak izaten dira udazkenean; 1.000 mm euri egiten ditu urtean zehar. Basoek lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituzte: koniferak eta hosto erorkorreko zuhaitzak. ■ Biztanleak. Ipar Koreako biztanleria ez da Hego Korean bezain dentsitate altukoa (202 bizt./km2). 1996an jaiotza tasa 24 jaioberri 1000ko zen oraindik, eta hilkortasuna 6 hil 1000ko; emankortasuna 2,4 haur emakumeko zen, eta hazkunde naturala handia zen (% 1,8). Haurren hilkortasuna 1000 jaiotzako 28 zen urte horretan (11 Hego Korean). Hamabost urtetik beherakoak biztanleriaren % 27 ziren, eta 65 urtetik gorakoak, % 7; bizi itxaropena 72 urtekoa zen. Biztanle urbanoen tasa garaia zen: 1995. urtean, % 61. Hiriburuak, bi milioi eta erdi biztanle inguru baitu, herrialde osoko biztanleriaren % 10 baino gehiago biltzen du. Aldaketak hasi dira sumatzen ordea Ipar Koreako demografian; biztanleriaren hazkunde tasa, 1999an, % 1,45 zen; urte berean, emankortasuna 2,3 haur emakumeko; haurren hilkortasuna ere jaitsi da, 25 heriotza 1000 jaiotzako… Bizi itxaropena ere zerbait jaitsi da, ordea, 70,07 urtera. ■ Erlijioari dagokionez, sineste nagusiak budismoa eta konfuzianismoa dira Ipar Korean; badira kristatu batzuk, eta, Hego Korean bezala, txondogioak ere (Zeruko Bidearen erlijioa). Alabaina, azpimarratu behar da erlijio jarduerak, berez, ez direla ia existitzen; gobernuak antolatutako taldeak dira, erlijio askatasuna badelako itxurak egiteko. Ipar Koreako Konstituzioa 1948an onetsi zen, 1972ko abenduan osorik berridatzi zen, eta berriz ere 1992an and 1998ko irailean. Legedia alemaniar lege sisteman oinarritua da, japoniarren eta teoria komunisten eraginarekin; ez dago lege jardueren berrikuste judizialik, eta ez da onartu nazioarteko epaiketa erakundeen jurisdikzio nahitaezkoa. ■ Ekonomia. Ipar Koreako ekonomia Hego Koreakoaren oso desberdina da. Mendiak aberatsak dira mea baliabideetan (burdina, urrea, nikela, zinka…); badu ikatza, eta baliabide hidroelektriko ugari. Alabaina, Ipar Koreako ekonomiaren historia arrakastaren historia da, harik eta 1975ean hondamena etorri zen arte. Hasieran, Ipar Koreak industria azpiegitura sendo samarra zuen japoniarrek meategiak ustiatzeko sortua. Sobietar moduko plangintzak aplikatuz, 1970ean ekonomia sozialista planifikatu klasiko baten oinarriak zeuden ipiniak Ipar Korean. Industria astuna indartsua zuen (NPGren % 75), eta urteko hazkunde tasa % 30 zen. 1984 arte, hurrenez hurren aplikatu ziren plangintzak, eta, itxuraz, emaitza onak izan ziren, nahiz eta arazo batzuk agertu. 1960ko hamarraldian, NPG biztanleko 329 dolar zen Ipar Korean, eta Hego Korean berriz 117; 1968tik aurrera ordea, berdintzera jo zuten biek. ■ Nekazaritza osorik kolektibizatu zen 1953-1958 urteetan. 3.843 kooperatiba antolatu ziren, 500 hektareakoak, administrazio barrutiekin bat egiten zutenak. Horiez gainera, estatuak bere landetxeak zituen (nekazaritza ekoizpenaren % 20). Nekazaritzaren antolamendua militarra zen, eta nekazariak fabriketako langileak bezalakoxeak, urteko 345 egun lan egin beharrekoak. 1973an, herrialdea beregaina izatera heldu zen laboreetan. 1987an, zertxobait liberalizatu zen nekazaritza. ■ Industriaren sektorean igaro zen aurrenik Ipar Korea liluratik hondamenera. Nagusitasuna industria astunak zuen, helburu militarrekoa maiz. Teknologia erosi beharra zuen ordea –ez bere kide komunistei, haiek ez baitzuten halakorik–, bereziki petrokimika, elektronika eta informatikaren alorretan, mendebaldeko herriei eta Japoniari. Teknologia erosteko gero eta mailegu handiagoak behar zirelarik (1971-1980 urteetan, herri sozialistek 725 milioi dolar mailegatu zizkioten Ipar Koreari, garai hartan oso izen ona baitzuen, 1950-1953 urteetako gerran txinatarren ondoren borrokatu zelarik “amerikar inperialismoaren” kontra), eta dibisetan ordaindu beharrekoak gainera, kanpoko zorra ikaragarri hazi zen (aldi berean, NPGk berebiziko beherakada egin zuen), hainbesteraino non 1987ko abuztuan Ipar Koreak ordainketa etendura deklaratu behar izan baitzuen. ■ Bost urteko hirugarren plana (1987-1993) halako hondamena izan zen, non agintariek berek onartu behar izan baitzuten ez zituztela beren helburuak lortu. Kanpoko zorra (8.000 milioi dolar) ordainduko zenik ez baitzen ikusten, atzera egin zuten atzerritar inbertsoreek. Petrolio faltak lantegiak gerarazi zituen. Merkataritza libreko eremu bat zabaldu zen Najinen, Txinako eta Errusiako mugan, baina ez dirudi arrakastarik izan duenik: atzerriko hogei enpresak baino ez dute bertan egoitza hartu. v Kultura. Ipar Koreako kultura komunismoaren hatsapenei oso lotua dago. Idazle eta artistak Ipar Korearen kulturaren nagusitasuna eta idependentzia goraipatzen ahalegintzen dira; gobernuak, bestalde, sozialismoaren izpirituarekin bat datozen tradizioko ohiturak (dantza taldeak, adibidez) hedatzeko laguntza ematen du. Koreako arte lan askok Kim Il Sung lehendakaria goresten dute. ■ Historia. Ipar Korearen historia Bigarren Mundu Gerran hasten da. XX. mendean Japoniaren mende egon zen Koreako penintsula, baina Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile atera zenean, Korea bi partetan banatu zen, 38° paraleloak bereizita: Sobiet Batasunak okupatu zuen Koreako iparraldea, eta Estatu Batuek, berriz, hegoaldea. 1948ko irailaren 3an Koreako Herri Errepublika Demokratikoa (Ipar Korea) sortu zen. 1950ean Ipar Koreako gudarostea Hego Korean sartu zen lurraldearen batasuna lortu nahian, eta bi auzo herrien arteko gerra zibila hasi zen. Estatu Batuetako gudarosteak esku hartu zuen hegoaldean, eta txinatar gudarosteak Ipar Koreakoari eman zion laguntza. 1953an su-etena izenpetu zuten. v Ipar Koreako politika eta ekonomia Kim Il Sung lehendakariaren mendean egon da; Kim Il Sungek Sobiet Batasunaren ereduko erregimen sozialista ezarri zuen, gizarte zerbitzuak hobera egin zuten, baina politika askatasuna eta giza eskubideak murriztu ziren. Ipar Koreak adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituen Txinarekin eta Sobiet Basunarekin 1961ean, baina pixkanaka sobietarren eraginetik urrundu da. Bestetik, Korearen batasuna lortzen eta Estatu Batuetako gudarostea Hego Koreatik egozten ahalegindu da. 1980an, Kim Il Sungek Kim Jong Il semea bere ondorengo izendatu zuen (ik. Korea; Korea, Hego). Ahultasunak eta goseak hartuta dute herrialdea azken urteotan; ezin esan daiteke zenbateraino ordea, estatistikak ez baitira fidagarriak. Hondamena estimatzen zaila den arren, guztiz segurua da 1997an korear agintariek berek eskatu baitzuten nazioarteko laguntza. Agintarien arabera, biztanleriak 7.800.000 tona labore behar zuen urtean, eta 1996an, uholde izugarriak izan baitziren, 2.500.000 baino ez zuen izan. NBEko erakunde espezializatuek, 1997 eta 1998 artean, elikagai asko eraman dute Ipar Koreara, eta haien ustez menderatuta dago gosea. Baina nazioarteko laguntzaren erabilera ere oso eztabaidagarria da: Mugarik Gabeko Sendagileek beren lankideak erretiratu zituzten 1998an, haien ustez agintariek erregimenarekiko leial zirenentzat gordetzen zituztelako laguntzak, eta goseak hiltzen uzten zituelako “politikoki dudazko” zirenak. ■ Kim Il Sung presidenteak ez zuen Sobiet Batasunaren eta Txinaren bidea jarraitu nahi izan, eta korear bideak, itxuraz, arrakasta izan zuen aldi batez. Izan ere, alderdiaren arabera, denean ziren onenak korearrak: “Kultura Iraultza” lehenago gertatu omen zen Korean Txinan baino, eta ordenaren errespetua galdu gabe gainera. Kim Il Sung benetako despota izan zen, hitzaren zentzurik hertsienean: bere aintza eta pentsamendua ospatzeko, 240.000 m2-ko jauregi erraldoi bat eraiki zuen; bere buruarekiko gurtza familia osora zabaldu zuen, eta heroien biografia bat asmatu zuen harentzat. Mundu komunistan salbuespenezkoa den familia despotismo hori bururatzeko, bere semea, Kim Jong Il, politikako buruzagi ipini zuen, eta hark abiarazi zuen estatuko terrorismoa (Ranguneko atentatua, 1983an, Hego Koreako ordezkari talde baten kontra). Izan ere, gogorkeria izan zen, gerra deklaraturik ez izan arren, 1990 arte bi Koreen harremanen arteko ezaugarria. 1970 eta 1989 artean, 412.000 gizon izatetik 980.000 gizon izatera igaro zen Ipar Koreako armada, eta urtero hartzen zuen nazio aurrekontuaren % 30. Kim Il Sung-ek gizartea osorik bere mendean edukitzeko moduan antolatu zuen. Biztanle guztiak 51 azpi-kategoriatan banaturiko hiru gizarte klase handitan sailkatu zituen. Lehen klasea, “erdiguneko masek” osatua, herriaren heroi eta haien ahaideena zen, bereziki gerrako umezurtzak (asko ziren), eskola berezietan haziak. Pribilegiodun horiek Piongiangen bizi ziren, eta harreman estuak zituzten agintariekin. Agintariak 40 kilometroko lurpeko tunelez loturik zeuden luxuzko eraikin berezietan bizi ziren; haiek bakarrik zuten egiazko informazioa, eta gainerakoek propaganda besterik ez zuten. Bigarren klasea “erdigunearen inguruko masa” zen: nekazariak, langileak eta intelektualak, konpromiso politiko gabeak, baina erregimenariko guztiz leialak. Hirugarren klasean “masa nahasiak” zeuden: klase etsaiak, ihes egindakoen familiak, politikoki susmagarriak; unibertsitatea debekatua zuten, eta ezin zuten hiriburuan bizi. Egitura osatzeko, kontzentrazio eremu sare bat antolatu zen, jende asko, goseak nahiz bestela, hil zena. Legezko hilketak oso ohikoak ziren, inperialismoaren eta haren hegoaldeko morroiaren kontrako gerra etengabean baitzegoen herria beti. Kim Il Sung hil zenean (1994), Kim Jong-ek hartu zuen agintea; ordurako egoera oso larria zen, eta barne krisia gogorra; horren adierazgarri izan zen Kongresu Nagusiko Atzerri Arazoetako batzordearen ihesa Hego Koreara (1997). Kim Il Sung-en heriotzak, goseteak, eta goseteak alderdi barruan sortu bide zituen tirabirek, izan zuten eraginik Koreako Penintsulako auzi nagusian, alegia, bi Koreak bateratzeko prozesuan. ■ Gerraren amaiera ekarri zuen armistizioaren azken helburua (Panmunjom-en izenpetu zen, 1953an), bakea lortzea eta bi Koreak berriz bateratzea zen. Gerra ordea, Ipar Korearen politika erasokorrak akuilatua, ez zen benetan bukatu. Alabaina, 1991. urtean, lortu zen NBE bi Koreetan aldi berean sartzea. 1991ko abenduan, itun bat izenpetu zen bi errepubliken adiskidetzea eta penintsularen desnuklerizazioa xede zituena. Zenbait eragile izan ziren bakearen bidea zabaldu zutenak: Sobiet Batasunaren desagertzea –Ipar Korearen bakartasuna areagotu zuen–, Txinaren bilakaera, eta Japoniak Ipar Korean egindako inbertsioak. Batasunaren bidea zailtasunez betea zegoen ordea. Ipar Koreak probokazio asko egin du, Estatu Batuekin zuzeneko harremanak lortu nahi zituen, eta, horretarako, xantaia nuklearra baliatu du. 1993an utzi egin zuen ez-ugaltze nuklearraren ituna, bere instalazioen kontrolari uko egin ondoren, eta misil ertain bat eraiki zuen, 1998ko abuztuan Japonia gainetik igaroarazi zuena. Bestalde, 1996an, Ipar Koreako urpekari espioi bat agertu zen Hego Korean, eta berriz ere okerrera egin zuten bi Koreen arteko harremanek. Ipar Koreak bere alde du Hego Korea Estatu Batuen mendeko dela alderdi militar eta diplomatikoan: 50.000 soldadu amerikar daude Hego Korean, eta lurpeko artilleria atomiko bat. Horrez gainera, Hego Koreak, 1997ko Asiako finantza krisiak jota utzi zuelarik, ez du oso begi onez ikusten 500.000 milioi dolarreko balioa izango lukeen bateratze baten zama. 2000 urtean, Hego Koreako presidentea Ipar Koreara bisitaldi ofizialean joan zen aurrenekoz; bi herrialdeen adiskidetzearen lehen seinale garrantzitsua izan zen. 2006ko urrian, Ipar Koreak bere lehen bonba atomikoa leherrarazi zuen, nahiz mehatxu handiak izan zituen Estatu Batuengandik eta beste herrialde batzuengandik. 2007an, negoziazio luzeen ondoren, Koreak hitzarmen bat sinatu zuen Hego Korea, Errusia, Japonia, Txina eta Estatu Batuekin bere herrialdea desnuklearizatzeko, laguntza energetikoaren eta ekonomikoaren truke.
http://www.korea-dpr.com/