Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korea, Hego

(Izen ofiziala, Koreako Errepublika; Koreeraz, Taehan Min’guk). Koreako penintsulako hegoaldeko errepublika. 99.237 km2 eta 48.379.392 biztanle (2008, korearrak). Mugak: Ipar Korea iparraldean, Japoniako Itsasoa ekialdean, Itsaso Horia mendebaldean eta Koreako eta Jejuko itsasarteak, hegoaldean. Hiriburua: Seul (10.924.870 biztanle, 2006, seuldarrak). Hiri nagusiak: Pusan, Taegu, Intxon eta Kuangju. Etniak: korearrak % 99,9; besteak, % 0,1. Erlijioa: kristauak, % 49; budistak % 47; konfuzionistak % 3; xamanismoaren jarraitzaileak, txondogioak (Zeruko Bidearen erlijioa), eta beste, % 1. Hizkuntza: koreera; ingelesa oso zabaldua dago irakaskuntzan. Dirua: won edo uon-a. ■ 1953-1953 urteetako Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra gogorraren ondoren, eta armistizioa izenpetuta, lerro militar bat ezarri zen 38. paralelotik gertu, bi Koreak banatzen zituena. Ordutik aurrera, Hego Koreak ekonomia hazkunde harrigarria izan du, eta per capita errenta Ipar Korean baino hamahiru bider handiagoa izatera iritsi da. 1997. urte amaieratik aurrera ordea, finantza eta kudeaketa arazo larriak izan dira Hego Korean, eta tentsio gogorrak bi Koreen artean.  v  Orografia eta hidrografia. Mendiak eta goi-ordokiak dira nagusi Hego Korean. Ekialdeko itsasertzari jarraituz 257 kilometroz luzatzen diren Taebaek mendietan mendizerra txiki batzuk sortzen dira, Hego Koreako barnealderantz. Halla mendia (1.950 m) eta Jeju uharteko sumendia dira Hego Koreako mendi garaienak. Hego Koreako lur sail gehienak ipar-mendebalean (Han ibaiaren arroan), hego-ekialdean (Naktong ibaiaren arroan) eta hego-mendebalean (Yongsan ibaiaren arroan) daude, eta lurraldearen heren bat hartzen dute, gutxi gorabehera. Naktong (512 km) eta Han (488 km) dira Hego Koreako ibai nagusiak. Hegoaldeko eta mendebaleko itsasertzean uharte asko dira.  v  Klima eta landaretza. Hego Koreako klima kontinentala da, negu hotzak eta uda beroak dituena. Neguan -3,6 °C egiten du iparraldean, 2 °C hegoaldean eta 4,4 °C Jejuko uhartean; udan, berriz, 21 °C iparraldean eta 25-27 °C, hegoaldean. Montzoiek ekarritako zikloiek euri ugari eragiten dute uda partean, eta urtean 1.000-1.400 mm euri izaten da Hego Korean. Tropikopeko oihana da Hego Koreako lurraldearen bi herenetan, nahiz eta azken urteotan baso ugari desagertu diren. ■ Biztanleak. Hego Korea, Ipar Korea bezala, etnien aldetik munduko herrialde homogeneotako bat da. Alde batera utzirik bertan egoitza hartu duten atzerritarrak (30.000 lagun inguru, txinatarrak gehienak), ez dago Korean ez arraza ez hizkuntza gutxiengorik. Korearrek ezaugarri etniko mongoloideak dituzte, baina mongoliarrak baino garaixeagoak eta azal-argiagoak dira. ■ Koreako biztanleen dentsitatea munduko handienetakoa da (450 bizt./km2). Biztanle gehien-gehienak hegoaldeko eta mendebaldeko kostaldean bizi dira. Bizi itxaropena 70,75 urte da gizonentzat eta 78,32 urte emakumeentzat (1999ko estimazioak), herrialde aberatsen gertukoa, beraz. Hazkunde tasak behera egin du, erregulartasunez, 1960ko hamarraldiaz gero, urteotako % 1era iritsi arte. Herrialdearen urbanizazio prozesuak gora egin du 1970eko hamarralditik aurrera, eta handia da landaldeko migrazioa eremu urbanoen alderantz; gaur egun, Koreako biztanleriaren % 75 inguru urbanoa dela esan daiteke. Ipar Koreatik banatu zenetik, lau bat milioi pertsona iritsi dira Hego Koreara. Gehitze hori, partez, Hego Koreatik alde egin dutenek (Japonia eta Estatu Batuetara batez ere) orekatu dute.  v  Kultura. Koreako kulturak Txinakoaren eragin handia du, baina ezaugarri bereziak gordetzen ditu, eta txamanismoa, budismoa eta Konfuzioren filosofia du oinarritzat. Gaur egungo literaturak gizarte eta politika gorabeherak lantzen ditu. Koreako arkitektura, Txinaren eragin nabarmena duena, ingurumenera eta herriaren beharrizanetara egokitu da. Zeramikak eta kaligrafiak garrantzi handia dute Korean. Bertako dantzak eta musikak ospakizun berezietan agertzen dira. ■ Ekonomia. 1970-1990 urteetan Hego Korea azpigarapenetik atera eta industria herrialdea bilakatu da. Orain hogeita hamar urte, Koreako per capita errenta Asiako eta Afrikako herrialde pobreenetakoaren parekoa zen; gaur egun, Indiakoa baino zazpi aldiz handiagoa da, hamairu aldiz Hego Koreakoa baino handiagoa, eta Europar Batasun eko zenbait herrialdetatik gertu dago. Garapena 1960ko hamarraldian hasi zen, kapitalismo “basatian” oinarrituta; garapen ekonomikoak, hasieran, herri lantegi bihurtu zuen Hego Korea, atzerriko kapitalei zabaldua: langile asko eta merkeak eskaintzen zituen, eta gizarte aurrerakuntza industriaren hazkundearen mesedetan sakrifikatu zuen. Alabaina, oso azkar, atzerriarekiko mendekotasuna murrizturik (ez ordea energia eta lehengaiena), produkzio aparatu zabala osatu du, eta korear enpresa talde oso indartsuak agertu dira, munduko merkatuan lehiakide gogorrak direnak. Burdingintza, kimikagintza, ontziolak, automobilak, hornidura mekanikoak eta elektrikoak, kontsumo gaiak dira korear industriaren zutabe nagusiak; orobat lantzen dira Korean etorkizun handia duten adarrak: elektronika, bioteknologiak. Luzaroan industriaren mende, ia baztertua egon ondoren, nekazaritza (1994an biztanle aktiboen % 16tik gora enplegatzen zituen), asko aurreratu da (arroza, garagarra, fruituak, tabakoa); hala ere, Hego Koreak oraindik ere elikagai asko inportatu behar du, eta handia da nekazaritza balantzaren defizita. Hazkundea zerbait moteldu zen 1992-1993 aldian, baina 1994an gora egin zuen, berriz, nahiz eta soldatak handitu eta korear diruaren balioa gehitu amerikar dolarrari buruz. 1995ean egin zen “globalizazio” kanpainarekin, King Young-sam lehendakariak ekonomia mugen pixkanakako desagerpenak eragindako aldaketera egokitzera bultzatu zituen korearrak, eta industria estatuekin lehia zuzenean jarri zuen herrialdea. Hala, ekonomian izan ziren emaitza onak eta hazkunde etengabeak (1981-1989 urteetan, hiru aldiz biderkatu zen nazio produktu gordina), soldatak igoarazi zituen, baina orobat igo zen inflazioa (% 9,5 1997. urtean). 1997-1998ko Asiako finantza krisiak Hego Koreako garapenaren ereduaren ahultasunak jarri zituen agerian, atzerriko mailegu gehiegizkoak eta finantza sektore sendotasunik gabea, besteak beste. 1998 urtearen amaierarako berreskuratu zuen finantzen oreka, eta hasi ziren antzematen ekonomia berpiztearen lehen seinaleak. ■ Historia. Hego Korearen historia Bigarren Mundu Gerran hasten da. XX. mendean Japoniaren mende egon zen Koreako penintsula, baina Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile atera zenean, Korea bi partetan banatu zen, 38° paraleloak bereizita: Sobiet Batasunak okupatu zuen Koreako iparraldea, eta Estatu Batuek, berriz, hegoaldea. 1948ko abuztuaren 15ean Koreako errepublika (Hego Korea) sortu zen. 1950ean Ipar Koreako gudarostea Hego Korean sartu zen batasun ideologikoa lortu nahian, eta bi auzo herrien arteko gerra zibila hasi zen. Estatu Batuetako gudarosteak esku hartu zuen hegoaldean, eta txinatar gudarosteak Ipar Koreakoari eman zion laguntza. 1953an su-etena izenpetu zuten.  v  Koreako errepublikak, Mendebaleko politika sistemari atxikia, buruzagi aldaketa asko izan ditu Syngman Rhee (1948), Yun Po Sun (1960), Park Chung-Hee (1963; 1979an hila) eta Chun Doo-Hwan-en (1980) gobernu autoritarioen pean. 1987ko konstituzio berriak hauteskundeak onartu zituen, eta Roh Tae Woo hautatu zuten lehendakari. Harrezkero, Nazio Biltzarrak du legegintza ahalmena, eta lehendakariak legea betearaztekoa. 1988an, Seulek Olinpiar jokoak antolatu zituen (ik. Korea; Korea, Ipar). Roh Tae-woo ipini zutelarik estatuburu (1988-1993), Kim Young-sam izan zuen ondorengoa 1993an. 1996ko abenduan, lanaren legedia berriztatu zelarik (jendea kaleratzeko bide errazagoak onartu eta 1996-2000 urteetan sindikatu berriak sortzea debekatu, besteak beste) protesta handiak izan ziren herrialde osoan, eta zapalkuntza gogorra. 1997an, Hanbo siderurgia taldean finantza eskandalu handia izan zelarik, Lee Soo Sung Lehen Ministroak eta haren gobernuak dimisioa eman behar izan zuten. Kontserbadoreen joera nagusitik urrundu nahiz, Kim Young-sam presidenteak Koh Kun ipini zuen gobernu berriaren buru. 1997ko abenduan, Kim Dae-jung, Korea Berrirako Alderdiaren (NCNP) hautagaia, Errepublikako presidentetza iritsi zuen oposizioko lehen kidea izan zen, hogeita hamar urteren ondoren. Agintera heldu zenean, bete-betean zegoen 1998ko krisia: enpresa askok kiebra jo zuten, langabezia handia zen, kontsumoa ikaragarri erori zen, esportazioek behera egin zuten. Presidente berriak, liberal sutsua izanik, ekonomiaren berrikuntza estrukturalerako plangintza zabala jarri zuen abian, eta, hasieratik bertatik, krisiak eragindako gizarte arazoei irtenbideak ematen saiatu zen. 1999ko maiatzean, presidenteak berrikuntza sakonak egin zituen ministerioetan, eta ez zuen zalantzarik izan ekonomiarekin zerikusia zuten ministerioko karguen ia erdiak berriztatzeko. 2000. urtean, Hego Koreako presidentea Ipar Koreara bisitaldi ofizialean joan zen aurrenekoz; bi herrialdeen adiskidetzearen lehen seinalea izan da. Azken urteotan, nahiz bi estatuak elkar hartzeko eta konponbiderako adierazpenak egin, berez ez dute urrats handirik egin, etengabe ari baitira tirabiran eta liskarrean.
http://www.korea.net/