Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kontzertu

iz. Musika emanaldia, batez ere talde batek egina.  v  Talde batek jendaurrean eskaintzen duen musika saioa. Berri samarra da musika jotzeko modu hau, XVII. mendearen bukaera arte musika elizetan, akademia edo musika eskola berezietan, printzeen jauregietan edo aberatsen etxeetan jotzen baitzen, haiek bakarrik baitzuten orkestra bat ordaintzeko modua.  v  Mus. XVIII. mendearen bukaeratik, orkestra eta tresna bakarlari batentzako idatzitako musika lana da, nahiz eta XVII. eta XVIII. mendeetan orkestra eta tresna bakarlari multzo txiki baterako ere izan. Kontzertuaren ezaugarri nagusia bakarlarien pasarteen eta orkestrak jotzen dituen tutti izeneko pasarteen arteko kontrastea da. Bestalde, sonataren ezaugarri asko izan ditu, baina hiru mugimendu bakarrik izaten ditu gehienetan: bizkor-geldo-bizkor. Lehenengo mugimendu bizkorrak sonataren forma izaten du. Bukaera aldera kadentzia bat tartekatzen da bakarlariak bere trebezia erakuts dezan. Bigarren mugimendua geldoa izaten da. Lied forma izaten du edo bariazioak dituen tema izan daiteke. Hirugarrenak, berriz, rondo forma izaten du. Beethovenen ondoren, erromantizismoak kontzertuaren ezaugarriak landu eta zabaldu zituen.  v  Concerto grosso. (Edo kontzertu handia). Lauzpabost mugimendu izaten ditu; XVII. mendearen bukaeran eta XVIII. mendearen hasieran izan zuen aldi nagusia. Bakarlari multzo batek, kontzertino izenekoak, talde handiago bati edo ripieno izenekoari erantzuten dio.