Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kometa

iz. Astr. Eguzkiaren inguruan orbita eliptiko oso luzeetan bira ematen duen argizagia.  v  Erdigunea partikula gotor txikiz osatua izaten da, harrizkoa, eta gas izoztuetan murgildua. Kometek kilometro batzuetako diametroa izaten dute. Eguzki sistema sortu zen aldi berean sortu zirela uste ohi da, eta beren osaerak jatorrizko gaiak zuen egoera islatzen duela. Eguzki sistemaren mugan biltzen dira, Plutonen orbitatik harutzago, «Oort-en hodeia» deritzanean. Aldizka, hurbil dauden izarrek eta planetek eraginiko grabitate astinaldien ondorioz, kometa batek egonkortasuna galtzen du eta Eguzkirantz «erortzen» da. Kometa Eguzkiari hurbiltzen zaionean, nukleoaren azala lurruntzen hasten da eta milioika kilometroko luzera izan dezakeen isatsa edo arrastoa sortzen du. Geroago planeten erakarpenek, batik bat Jupiterrenak eta Saturnorenak, aldatu duten orbita batean aldentzen da. Eguzki sistematik ihes egin dezake orbita hiperboliko baten gainean edo aldizkako kometa bihurtu, orbita eliptikoa badu. Aldizkako kometarik famatuena Halley izenekoa da, 76 urteko agerraldi epea duena, Lurretik azkeneko aldiz 1986. urtean ikusi zena.