Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

komiki

iz. Marrazki, hitz eta zeinu bidezko adierazpidea; horrez baliatuz kontatutako historia, liburuetan, aldizkarietan-edo argitaratua.  v  Marrazkia eta testua laukien barruan egoten dira, eta lauki horiek gertaerak eta kontakizuna zatikatu eta banatzen dituzte. Hizketa nori dagokion globoen bidez adierazten da. Zinemako baliabide batzuk ere erabiltzen dira: plano banaketa, hotsak (komikian onomatopeien bidez adieraziak). Lehenengo komikia 1896an argitaratu zen Estatu Batuetan eta The Yellow Kid (Mutiko horia) zuen izena. 1930etik aurrera egunkarietan eta aldizkarietan (comic books) maiz argitaratzen hasi ziren, eta berehala komikiak arrakasta handia izan zuen Estatu Batuetan. Komiki aipagarri batzuk: Flash Gordon, Superman, Tintin eta Milou, Asterix Galiarra, Blueberry Tenientea, Corto Maltese dira. Zeruko Argia aldizkariak plazaratutako Pan-Pin da euskaraz argitaratutako lehenengo komikia; geroztik asko dira euskaraz argitaratutakoak, jatorrizkoak eta itzuliak: Zakilixut, Ipurberltz, Napartheid, Gabai, Euskal Herriaren historia.